Liburuen sektorea suspertzeko kanpaineari ekin deutse

Bizkaie! 2020-06-05 08:47   Kulturea

Saltzaile, editore eta banatzaileek bat egin dabe kanpainan.

Osasun larrialdiaren momenturik txarrena pasauta, liburu-dendak apurka-apurka zabaltzen dagozala aprobetxauta, liburugintzearen sektoreko profesionalek bat egin dabe kanpaina bat martxan jarteko. Euskadiko Liburuaren Ganbareak jakitera emon dauenez, saltzaile, editore eta banatzaileek alkarlanean sortu dabe #DenaHastenDaLiburudendan lemadun kanpainea, sektore osoaren ardatza liburu-dendak dirala nabarmentzeko.

Bagilaren 1ean hasita eta zortzi astez, sare sozialetan egiten dabiz kanpainea, gaztelaniaz, galizieraz, katalanez eta euskeraz, Espainia osoko eragileek egin dabelako bat. Bideo, irudi edo iruzkinen bidez, irakurle zein egileek azaldu leikie ze berezitasun dituen liburu-dendek eurentzat, edo ze esperientzia bizi izan daben.

Parte hartu deian jentea animetako, lehenengo egunotan liburugintzako eragileak dabiz euren esperientziak sareetan konpartiduten. Egile, editore, saltzaile eta irakurle batzuk aukeratu ditue kanpaineari bultzadea emoteko. Instagram, Facebook eta Twitter bidez zabaldu leitekez norberaren istorioak.

Sektoreko arduradunen arabera, kulturgintzako alorrik handiena da liburugintzea Espainian, baina pandemiak kalte handia eragin deutso. Mila miloe euroko galerak kalkulau ditue. Hori dala eta, Espainiako Liburu Ganbaren Alkarteak neurriak eskatu deutsez erakunde publikoei, Covid-19aren ondorioak leuntzeko.

Liburuak liburu-denden bidez erostea eta liburutegi, unibersidade zein zentro publikoetarako liburuak erosteko plana aktibetea dira sektorekoek gobernuei eskatu deutsezen neurri berezietako batzuk. Liburuak erosteko bonoak ateratzea be idea ona izan leitekela dinoe. Gogoan izan behar da sektoreko gehienak enpresa txiki eta ertainak dirala, eta horek aniztasuna bermatzen dauela dino Liburu Ganbaren Alkarteak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu