Angel Landa, euskal alpinismoan bideak zabaltzen

Bizkaie! 2020-06-03 08:07   Kirola

Tximist espedizinoko buru izandakoa 85 urtegaz hil da.

Angel Landa. CC-BY-SA | Ikusi handiago | Argazki originala

Mendizaletasuna eta abenturea odolean eroan zituan bizi guztian Angel Landa bizkaitarrak (Sestao, 1935), gazte-gaztetatik lortu zituan igoera barriak eta espedizino aitzindariak lekuko. 85 urtegaz hil da, eta jente gehienak 1974ko Everesteko Tximist espedizinoan parte hartzeagaitik ezagutzen badau be, euskal alpinismoan alor ugaritan izan zan aitzindari. 2007an hildako Pedro Udaondo izan eban bidelagun abentura hareetako askotan.

1950eko hamarkadan hasi zan Landa euskal mendizaleen artean nabarmentzen, Europako Mendietako igoerakaitik. Urriellu tontorrera Régil bide gatxetik neguan igon eben lehenengoak izan ziran Udaondo eta bera (1956), lagun batzuek itxitako ehun metroko sokea erabilita. Asturiasko beste mendi batzuetako igoera klasikoak be biek sasoi haretan zabaldutakoak dira.

Pirinioetan igoera nabarmen batzuk egin zituan Landak (Tailloneko iparretik neguko lehenengoa, esaterako), eta laster joan zan Alpeetara. Meritu handiko eskaladak egin zituen Udaondok, Angel Vallejok eta Landak Alpeetan 1960ko hamarkadearen hasieran, euskal mendizaletasunak ia entzutez be ezagutzen ez zituan parajeetan.

Halako lorpenak ikusirik, euskal mendizaleen liderretako bat bihurtu zan Landa, taldekako proiektuak antolatzen hasi ziranean. 1967an Hego Amerikako Mendilerro Zurira egindako euskal espedizinoko zuzendari teknikoa izan zan; ia 6.000 metroko tontorretara heldu ziran (Atunrraju, 5.987 m). Mendiaren alderdi garratzari jagokonez, Angel Landa beti agertu zan prest erreskateetan laguntzeko, berbarako Naranjon eta Eigerren.

Andeetan ikurrina erakusteagaitik, kartzelan sartu eben astebetez 1967an, baina horrek ez eutsan mendira joateko gogoa kendu: 1973an Urrielluko ekitaldeko hormako lehenengo igoerea egin eban, Felipe Uriarte sokalagun.

1974an Tximist espedizinoa Himalaiara joan zan, Angel Landa buruetako bat zala, euskal mendizaletasuna Everestera eroateko asmoz. Talde lan bikainari esker, tontorretik 350 metrora geratu ziran Tximisteko kideak, baina egurtaldi txarrak ez eutsen goraino heltzen itxi. Halandabe, espedizino harek hurrengoetarako oinarria ezarri eban, eta 1980an ipini eben Martin Zabaletak eta Pasang Tembak ikurrina munduko mendirik altuenean.

Beti bide barrien eta erronka gatxen bila, alpinismoa eta abenturea bat ziran Angel Landarentzat. Bere belaunaldian aitzindari eta gazteagoen artean eredu, euskal alpinismoaren historian derrigorrez gogoan izan beharreko izena da berea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu