Bilboko Udal Liburutegiak apurka-apurka martxan

Bizkaie! 2020-06-01 07:54   Kulturea

Maileguak eta itzulketak egin leitekez gaurtik.

Bidebarrieta udal liburutegiko areto nagusia (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aste askoan itxita egon eta gero, Bilboko Udal Liburutegiak ateak zabaltzen hasi dira, Covid-19aren osasun krisiaren aurretik egozan zerbitzuetako batzuk berreskuratuta. Bilboko Udalak azaldu dauenez, gaurtik, bagilak 1, maileguak hartu edo bueltetako zerbitzuak martxan dagoz sareko liburutegi guztietan.

Asteek aurrera egin ahala, eta osasun egoereak modua emoten badau, jentaurreko beste zerbitzu batzuk berreskuratzen joango dira. Momentuz, erabiltzaileak eraikinetan sartu leitekez, baina ezin dira bertan geratu apalategiak begiratzen edo liburuak irakurten.

Maileguren bat hartu edo bueltetako, liburutegiko beharginakana jo behar da, eta euren laguntzinoagaz tramitea egin. Bezperan hitzordua eskatu beharko da liburutegian sartzeko, telefonoz edo emailez.

Erabiltzaileek maskarea jantzita eroan beharko dabe liburutegian dagozan bitartean, eta ezarritako osasun neurri guztiei kasu egin. Protokolo zorrotzak diseinau dituala dino Udalak. Esate baterako, bueltetan diran liburuak hamabost egunez izango ditue berrogeialdian.

Beste zerbitzu batzuk apurka zabaltzen joateko asmoa dau Udalak. Umeentzako aretoak zabaltzea, liburutegian bertan irakurri edo konsultak egin ahal izatea, prentsa eta aldizkarien ataletara sartzea eta ordenagailuak erabiltea, osasun egoereak hobera egin ahala berreskuratuko ditue.

Bilboko Liburutegien Sarean honeek dagoz: Deustu, San Inazio, Castaños, Zurbaranbarri, Otxarkoaga, Begoña, Bidebarrieta, Buia, Ibaialde, San Adrian, San Frantzisko, Zabala, Irala, Errekalde eta Zorrotza.

Edozein kasutan, liburutegietako erabiltzaileek eLiburutegiaren online zerbitzu publikoa eskura dabela gogoratu behar da. Bilboko eta EAEko beste liburutegi publiko askotako liburu zein filmak maileguan hartu leitekez, modu digitalean, edozein egun eta ordutan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu