XIII. Blas de Otero Nazinoarteko Poesia Lehiaketearen deialdia zabalik

Bizkaie! 2020-04-21 12:57   Kulturea

Lanak jasoteko epea maiatzaren 30ean, zapatuan, zarratuko da.

Bilboko Udalak eta Blas de Otero Fundazinoak, hamahirugarren aldiz, Blas de Otero jaio zala ospatzen dabe eta, horretarako, Blas de Otero sariaren beste edizino baterako deialdia egin dabe 2008tik jazoten dan legez. Blas de Otero Bilbo Uria Nazinoarteko Poesia Sariaren jatorrizkoak aurkezteko epea maiatzaren 30ean zarratuko da.

Lehiaketa honetan nazionalidde eta leku guztietako idazleek hartu leikie parte eta aurten be kategoria bi ezarri ditue: euskerea eta gaztelania. Modalidade biek 5.500 euroko saria dabe. Lehiaketan parte hartu ahal izateko, aurkezten diran lanak originalak, argitaratu bakoak eta, argitaratuta badagoz, aitatu beharreko saririk eta akzesitik lortu bakoak izan behar dira. Lehiaketan ez dira originaltzat hartuko aukeratutako modalidadekoa ez dan beste hizkuntza batetik itzulitako lanak.

Poemen gaia, errimea eta neurria libreak izango dira, baina gitxienez 700 bertso-lerroak eta gehienez 1.000 izan behar ditue. Lanak maiatzaren 30a baino lehen bialdu behar dira formatu digitalean; formatu hori baino ez da onartuko eta Udalaren webgunearen bidez bialdu behar dira, ondoko helbideetara: www.bilbao.eus/premioblasdeotero, gaztelaniaz idatzitako lanak diranean, eta www.bilbao.eus/blasdeoterolehiaketa, euskerazko jatorrizkoak diranean.

Aurreko edizinoan, Amparo López Pascual, Guadalajarako idazlea, izan zan gaztelaniazko modalidadearen irabazlea bere poema-liburuagaitik Ahora soy un pájaro izenekoa eta, euskeraz idatzitakoen artean, barriz, Lemoako Eva Pérez-Pons Andrade poeta eta injineru gaztearentzat izan zan, Zaharkitzapen programatua lanagaitik.

Kontuak kontu, Blas de Otero-Bilbo Uria Nazinoarteko Poesia Saria literatur sorkuntzea sustatzeko eta herritarrei bertoko autorerik garrantzitsuenetako baten irudia eta lana hurreratzeko sortu zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu