Kulturearen aldeko apustua egin dau EHUk konfinamenduan

Bizkaie! 2020-04-16 10:35   Kulturea

Internet bidezko jarduera ugari antolatu ditu EHUKulturak.

Aurrez aurre egin beharreko hainbat saio bertan behera itxi behar izan ditue EHUKultura egitasmoan, baina EHUk internetera aldatu ditu, Covid-19aren larrialdi betean be kultureari bultzadea emoteko. Berrogeialdi kulturala martxan jarri dabela dinoe unibersidade publikoko arduradunek. Irakurraldiak, bideoak eta lehiaketak egongo dira hurrengo asteetan, besteak beste.

Hasteko eta behin, Biba Voi: Dario Fo eta Franca Rame akorduan antzezlanaren online egokitzapena aitatu dau EHUKulturak. Jente aurreko saioa ezin izan dabe egin, baina Mikel Martinez eta Irati Agirreazkuenaga aktoreek aurrerapen bat preparau eta grabau dabe, eta hemen ikusi leiteke bideoa. Dario Fo eta Franca Rameren bizitza artistikoaren, izakerearen, lanen, ideologiaren eta konpromisoaren errepasoa egiten dau  Patxo Telleriak zuzendutako obreak, bikotearen idazlanen zatien bidez.

Bizkaia Aretoko oholtzan agertzekoa zan Barro Rojo obrea be atzeratu egin behar izan dabe. Antzezlanaren zati batzuk sarean ipiniko ditue hurrengo egunotan, EHUKultura blogean.

Bestetik, irakurketea bultzatzeko, igaz kaleratutako Gure hitzak liburuaren kapitulu batzuk argitaratuko ditu EHUKulturak, nahi daben guztiek irakurri deiezen. Hamar emonaldi izango dira, eta bakotxean bideoak, aurkezpenak, irakurketak, ilustrazinoak... tartekatuko ditue.

Lehiaketak be ez dira faltauko konfinamenduko egunotan. Batetik, kontakizun laburren En cuarentena sariketea antolatu dau EHUk, El Correogaz batera. Parte-hartzaileek bialdutako istorio laburrak bariku eta zapatuetan argitaratuko ditu egunkari horrek. Maiatzaren 18ra arteko epea dago kontakizunak aurkezteko, eta ondoren onenei sariak emongo deutsiez.

Beste lehiaketea musikarientzat da. Dagoeneko ohiko bihurtu da Musiversika, honako hau hirugarren edizinoa dau eta. Halandabe, berezia izango da aurrekoen aldean, konfinamenduak guztiz baldintzatuko dauelako. Kontuak kontu, musikari eta bakarlariek euren hautagaitzea aurkeztu leikie bagilaren 30era arte, baldintza garrantzitsu bat beteten badabe: Kide bat, gitxienez, EHUkoa izan behar da (ikasle, irakasle zein beste posturen batekoa).

Musiversika sariketan aukeratutako talderik onenek, sariak eskuratzeaz gan, zuzenean joko dabe irailaren 16an, Arabako kanpusean. Era berean, parte-hartzaileen artetik aukeratuko da G9 lehiaketan EHU ordezkatuko dauen proiektu musikala. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu