'Etxeko bentanatik Bermiori kikuke'

Bizkaie! 2020-04-01 10:24   Kulturea

Apirilaren 8ra arte bialdu leitekez marrazki lehiaketako lanak.

Bermeoko txoko bat (argazkia: Sitioshistoricos.com) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kalera urten barik pasau beharreko itxialdia arintzeko, Etxeko bentanatik Bermiori kikuke izeneko txapelketea antolatu dau Bermeoko Udalak, Berton Merkatari Alkartearen eta Benito Barrueta Arte Alkartearen laguntzinoagaz. Edade guztietako herritarrei zuzendutako marrazki lehiaketea da, eta lanak apirilaren 8ra arte bialdu ahal izango dira.

Aurkeztutako marrazkiek antolatzaileek emondako hiru gaietako bat agertu beharko dabe: Bermeo arrantzalea, Bermeo baserritarra edo gure herriko ohiturak. Azken baten, etxean geratzeko momentuotan, herriaren zuztarretara jo nahi izan dabe. Hori bai, hiru gaien interpretazinoa librea da, Udalaren asmoa sormena bultzatzea dalako.

Herritar bakotxak marrazki bat bialdu ahal izango dau gehienez, lehiaketarako beren-beregi egina. Arkatza, boligrafoak, margoak, akuarelak, orioak, akrilikoak, pastelak, arkatz ziriak, errotuladoreak eta antzekoak erabili leitekez, baina ez dira modu digitalean egindako irudiak onartuko. A4 edo A3 tamainako orri zurietan marraztu beharko dira.

Marrazkiak eskaneauta edo kalidade oneko argazki baten bialdu beharko ditue parte-hartzaileek, kultura@bermeo.eus helbide elektronikora. Izen-abizenak, kontakturako datuak eta abar be zehaztu beharko dira mezuan.

Sarituak nortzuk izango diran aukeratzeko 90 puntu banatuko dira. Erdiak (45) herritarrek emongo ditue. Horretarako, apirilaren 10etik 15era marrazki guztiak Facebooken jarriko ditu Bermeoko Udalak, edadearen araberako kategorietan banatuta. Herritarrek gustuko dituen irudietan atsegin dut botoia sakatuko dabe. Jasotako onespenaren arabera emongo ditue puntuak.

Ondoren, beste 45 puntuak banatzeko, epaimahaiaren txandea izango da. Kategoria bakotxeko bost onenen artean banatuko ditue puntuak, originaltasuna, kalidadea, konplexutasuna eta edertasuna aintzat hartuta. Sare sozialetako eta epaimahaiko puntuak batuta ebatziko dira irabazleak. Sariak itxialdi egoerea amaitzean emongo ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu