Oihane Amurrio artisteak ekingo deutso Eskualdea programeari

Bizkaie! 2020-03-13 12:57   Kulturea

COVID-19 dala eta, Bastidan egin beharreko aurkezpena atzeratu egin dabe.

Oihane Amurriok Gorputz traumatizatua espazio batean performancea aurkeztuko behar izan dau martiaren 14an, Bastidan (Araba), Eskualdea programearen barruan, produkzino-modalidadean. COVID-19 birusagaitik, 14an barik, aurrerago egingo dabela azaldu dabe antolatzaileek. Data zehatza ez dabe erabagi.

Gorputzaren eta espazioaren arteko lotureari buruzko ikerketa batean oinarritzen da performancea. Raisa Álava eta Mario Paniegogaz batera aukeratu eben Oihane Amurrio artistea, Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailak sustatutako programa honen deialdian, Arabako Kulturearen Plan Estrategikoaren barruan eta Artium Museoaren lankidetzeagaz. Eskualdearen asmoa sorkuntza eta pentsamendu garaikidea Arabako gizarte osora hurreratzeko eta landa-eremuaren eta uri-eremuaren arteko hartu-emonei buruzko hausnarketea sustatzea da. Oihane Amurriok Bastidan oinarritu dau bere proiektua; Raisa Alavak, Amurrion; eta Mario Paniegok, Gorbeiako parke naturaleko hainbat lekutan.

Oihane Amurrioren hitzordua Mugako San Andres komentu zaharrean izango da (Bastida): gorputzaren espazio bitala, emozionala eta biszerala bere ukapenaren aurrez aurre jarri nahi dauen performance bat da, gorputzari irudi legez, sensazinoen euskarri legez eta arkitektura-elementu moduan jardutea proponiduten deutsona.

Gorputza eta espazioa eregiteari buruzko gaiek gidatu dabe artistaren lan-prozesua azken hileotan, Bastida (familiari lotutako herria) eta Bilbo artean (bertan dauka estudioa): Espazioaren kartografia legez planteau dot proiektua ―Bastida, nire baratzea―; baita, aldi berean, nire gorputzaren kartografia legez be; diziplinaz gaindiko bilaketa, gogoeta eta ikerketa moduan esan deusku artisteak.

Piezeak interpretazino asko izan leikez, lekuaren historia, herentzia kulturala eta deialdiaren itxaropena tarteko dirala. Zortzi antzezleren gidaritzapean (Ainhoa Urme, Alex Do Carmo, Anzhelika Pankova, Itxaso Sáncez, Jon Ander Muñoz, Nasim López-Palacios, Samuel Garnica eta Thais Martínez), performance-ekintza egunaren amaieran abiatuko da, zehetasuna sensazino eta kontzeptu bihurtzen dan momentuan. Bastidako eleizako kanpaiek López-Palacios konpositore kanariarrak okasinorako idatzitako musika elektronikoko piezearen akonpainamendua egingo dabe soinu atabikoagaz.


Oihane Amurrio (Bilbo, 1996)

Arte Eder ikasketak egin zituan Euskal Herriko Unibersidadean (2014-2018), eta Talentia saria irabazi eban. Hainbat lekutan erakutsi ditu lanak: Embassy Gallery (Edinburgh, 2019), Torrezabal Kultur Etxea (Galdakao, 2019), Club Deseo (Bilbo, 2019), Bilbaoarte (Bilbo, 2018), Sala Amadís (Madril, 2017), Galería Cosmos (Bilbo, 2016), Bizkaia Aretoa (Bilbo, 2016), Espacio Open (Bilbo, 2016). Jasotako sariak, barriz, Bilbao European Schools Zinema Fest, BItaBE eta ArteinVisible.

Gaur egun, Final Gallery Fantasy proiektua daroa aurrera, honako laguntza honeei esker: Eusko Jaurlaritzearen Produkzino Plastikoko bekea, Arabako Foru Aldundiaren Eskualdea programea eta Fab Lab Bilbaoko Maker Ekintzailea erresidentzia-programea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu