XIX. Bilboko Zirkuitua zezeilaren 5ean hasiko da

Bizkaie! 2020-02-03 12:56   Kulturea

Uriko 14 talderi euren lanak aurkezteko aukerea emoten jake.

Bilboko Zirkuituaren, bertoko antzerki taldeen –gehienak amateurrak edo erdi-profesionalak– jarduerea bultzatu gura dauen Bilboko Udalak antolatutako programearen 19. denporaldia eguaztenean inaugurauko da San Frantziskoko Udaltegian, Olatz Gorrotxategik zuzendutako umore absurduari buruzko Ganeko Crew lanagaz. BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiko ikasleek eszenaratuko dabe.

Antzezlana kanpaina denda baten barruan egingo da, eta 20 ikus-entzulek baino ezin izango dabe jarraitu. Hori dala eta, saio bi eskainiko ditue, 19:00etan eta 20:00etan, eta beharrezkoa izango da gonbidapena jasotea Udaltegian bertan, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik aurrera.

Ganeko Crew umore absurdoko ikuskizuna da, ikus-entzuleak perseida gau baten misterioan sartzen dituana. Sormen kolektiboko prozesu horrek ibilbide sensoriala eta parte-hartzailea proponiduten dau, Ganekogorta mendian batutako jente talde baten esperientzia kontetako. Usue Martinezek, Marina Lapuentek, Aitor Arabiourrutiak eta Olatz Gorrotxategik osotzen daben konpainiak talde bateko kide izateak sortzen dituan hartu-emonetan eta menpekotasunetan eta gizakiak talde horretako kide izateko dauen etenbako preminea ikertzen dau, ikuspegi dibertigarria eta lotsabakoa ardatz hartuta, beti be entretenimendua, harridurea eta zoramen eszenikoa helburu izanda.

Urteko lehen hiruhileko honetarako programazinoak –martiaren 27ra arte–, uriko 14 konpainiak eskainiko dituen 17 antzerki eta jantza saio jasoko ditu. Eguazten honetarako programautakoaz gan, nabarmentzekoak dira euskerazko pieza onenaren Kriselu Saria eta Pabilioi 6ko VII. Jardunaldietako ikus-entzuleen saria jaso dituan Goitibera Teatroren euskerazko Amatxik dixit antzezlana, besteak beste. Aitamen berezia merezidu dabe Las fosas abisales antzezlana estreinauko dauen Katastrofen Teatro konpainiak, edo Las indogmables lanaren bersino barriztatuagaz etorriko dan Las Entes taldeak.

Horrezaz gan, ikus-entzuleek barriro topauko ditue zirkuituan ohikoak diran zenbait konpainia, Mama Crea, Con la que está cayendo edo Iuris Tantum, besteak beste, eta programazinoa Acércate Teatro, Bilbao Improg Big Band, Green Room, Aimara Teatro, Ana Capilla, Loida A. Gómez edo Alopargo Teatroa taldeek osotuko dabe.

Bilboko Zirkuituaren programazinoak beste proposamen bi izango ditu aste honetarako: zezeilaren 6an eta 7an. Eguenean, Otxarkoagako Udaltegiak Acércate Teatroren Dalias antzezlana jasoko dau. Federico García Lorcaren testuetan oinarritutako lana da, Eriz Cerezo Ferrónek eta Zaloa Gómez Arrietak antzeztua. Testuaz gan, gorputza be erabilten dabe adierazoteko, eta, beraz, mobimentu eszenikoa, antzerki fisikoa edo jantzak presente dagoz historian zehar.

Hurrengo egunean, zezeilaren 7an, Castañoseko Udal Zentroak Goitibera Teatro taldearen Amatxik dixit euskerazko piezea eskainiko dau. Marcelinaren eta Rafaelen oroimena berreskuratu eta Gerra Zibilean eta Frankismoan jazarri eta kondenautako personak omentzeko maitasun eta gerra istorioa. Antzerki fisikoa, Memoria historikoa eta komedia dramatikoa dakarzan lanak Saioa Iribarrenen gidoia dau eta Nerea Ariznabarretak, Gaizka Chamizok eta Ander Basalduak antzezten dabe. Amatxik dixit zezeilaren 20an be ikusi ahal izango da San Frantziskoko Udaltegian.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen ikusi.


Sorkuntzeari laguntzinoa

Bilboko Udalak aurrera jarraitzen dau Bilboko Zirkuituagaz, tokiko eszenea bultzatzeko eta antzerkia uriko auzo guztietara eroateko helburu bikotxagaz. Aurreko edizinoetan legez, saioak arratsaldeko 19:30etik aurrera programau dira, saio bi, 19:00retan eta 20:00retan izango dituan eguazteneko inaugurazinoko ikuskizuna izan ezik. Ikuskizun horretarako beharrezkoa izango da gonbidapena jasotea San Frantziskoko Udaltegian bertan, saioa hasi baino ordubete lehenago, leku guztiak bete arte.

Bilboko Zirkuitua programea benetako aukerea da sortzaile barriek eta antzerki eta jantza taldeek euren lanak eszenan agertu eta ikus-entzuleen aurrean antzeztzeko. Bilbon egindako egungo proposamen freskoenez gozetako eremu egokiena da eta horrezaz gan, programa honek Bilboren kultur eskaintza deszentralizetan be laguntzen dau.

Orain hamarkada bat baino gehiago programea martxan jarri ebenetik, zabaltzen eta saio eta eszenatoki kopurua handituz joan da. Bilboko Zirkuitua, genero horretako ekimen aitzindaria eta bakarra da Euskadi osoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu