Gotzon Aurrekoetxea: 'Ez dago dudarik 100 urte barru be euskalkiak izango dirala'

Bizkaie! 2020-01-24 09:35   Barriketan

Euskerearen bariazinoa aztertzeko ikerketa taldekoa.

Gotzon Aurrekoetxea. Argazkia: Mikel Mtnz. de Trespuentes. | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskalkien sailkapen berria argitaratu barri dau UPV/EHUko EUDIA-Euskerearen bariazinoa aztertzeko ikerketa taldeak. Gotzon Aurrekoetxea, Iñaki Gaminde, Jose Luis Ormaetxea Txipi eta Xarles Videgain dira egile nagusiak eta errotik aldatu nahi dabe euskalkiak eta hizkerak sailkatzeko metodologia.

Louis-Lucien Bonapartek 1863an zortzi euskalki bereizi zituan; Azkuek, zazpi; eta Koldo Zuazo hizkuntzalariak, bost. Euskalkien sailkapen berria lanak hiru dagozala dakar: mendebaldekoa, erdialdekoa eta ekialdekoa. Hizkuntzalarientzat ez eze euskalkiak maite eta tokian tokiko hizkeren zale dan irakurle danantzako egina da liburua.

Hona hemen EHUk Gotzon Aurrekoetxeari egin deutsan alkarrizketea:


1.- Liburu hau ez dala euskalkien beste sailkapen bat gehiago dinozue, hizkerak sailkatzeko metodo barriakaz egiten dan lehen sailkapena baino. Zer esan nahi dau horrek?

Orain arteko sailkapenak (Louis Lucien Bonaparterena eta Koldo Zuazorena kasu) hizkuntza-ezaugarrien aukeraketan oinarritu izan dira. Eta aukeraketan ikertzailearen erispide subjektiboak sartzen dira: Bonapartek, adibidez, muga batzuk zehazteko zeren… bait edo zeren eta kausazko adierea daben formak aztertu zituan herri desbardinetan, edo 'a' letraz amaitutako berbak -a artikulua eranstean sortzen diran aldaketa fonetikoak (alabea, alabia, alabie...). Aukeratzen diran ezaugarri-kopurua gorabehera, era honetan jokatzeak ez dau datuen ordezkagarritasuna kontuan hartzen.

Gure kasuan ez da ezaugarrien aukeraketarik egin. Horretarako Euskerearen Herri Hizkeren Atlasak-EHHA egitasmoak argitaratutako liburukietan batutako informazinoa erabili dogu. Lexikoaz eta gramatikaz ikaragarrizko informazioa batzen dau euskerearen eremuko 145 herritan atlas honek. Eta hizkuntzearen alor guztiak jorratzen ditu. Laburbatuz, guk ez ditugu hizkuntza ezaugarriak aukeratu, erabilgarri diranak erabili ditugu.


2.- Louis-Lucien Bonapartek 1863an zortzi euskalki bereizi zituan, Koldo Zuazo hizkuntzalariak bost dagozala esaten dau, zuek hiru. Zuek beste modu batera sailkatu dituzue. Zelan?

Batetik, uste dogu hizkuntza ez dala asko aldatu Bonaparteren garaitik hona; eta Zuazok erabilitako datu-emoileak eta Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa-EHHA-n erabilitakoak adinkideak dirala esan daiteke. Hizkuntzea ez bada aldatu zer da desbardin hiru sailkapenetan? Datuak ez badira aldatu metodologia desbardinean kokatu behar da diferentzia. Hemen dialektologia tradizionaleko eta egungo dialektologia metodologiak aurrez aurre jarten dira. Lan honetan berbakeren sailkapena egiteko cluster analisia deitutako teknika sailkatzailea erabili da; hau da, edozein zientziatan (medikuntzea, kimikea...) gauzak edo objektuak sailkatu behar diranean erabilten diran prozedurak erabili ditugu. Honek berme handiagoa emoten dau, zientzietan, oro har, erabilitako prozedurak diralako. Teknika honek aztergai diran berbakerak hierarkia baten barruan kokatzen ditu hizkuntza-ezaugarrietan antzekoenak diranetatik urrunen diranetarainoko hierarkian.


3.- Zortzi euskalkitik hiru euskalkira pasau arren, ezin da ondorioztatu orduan euskalkiak galtzen dagozala? Edo baten bat desagertu danik?

Ez. Kontua ez da hori. Gorago esan da gure ustez hizkuntzea ez dala asko aldatu lehenengo sailkapenerako erabilitako datuetatik EHHAko informazino-emoileen berbakerara. Kontua beste bat da: euskalki izakerea zeri emoten jakon da kontua. Cluster edo multzokatze hierarkikoaren analisian lortzen dan irudia oso argia dan arren, irudi hori ikertzaileak interpretau behar dau. Teknika honek erraztu egiten dau ikertzailearen lana, berbakeren arteko eta berbakera-multzoen arteko desbardintasunak agirian ixten ditualako. Egia esan, orain arteko arlo honetako nazinoarteko ikerketetan ez dago erabagita hizkuntza eremuen artean zenbateko desbardintasuna egon behar dan eremu hori dialektotzat edo azpidialektotzat hartzeko, baina aldi berean argi dago aukeratzen diran mugak maila berekoak edo antzekoak izan behar dirala.


4.- Metodologia dala-eta aldatzen al da orduan kopurua?

Metodologia eta datuak. Honeek, batetik, lagina erabilten danean kuantitatiboki nahikoa izan behar da eta bestetik, errepresentatiboa edo ordezkagarria izan behar da. [Datuen] hautuetan oinarritutako metodologiak jaiotzezko bakotasuna edo ahulezia dau, ezen datu txarrak edo ordezkagarriak ez badira nekez islatuko dabe errealidadea eta ondorioz horreekaz egiten diran azterketek jatorrizko ahulezia izango dabe eta emoitzak ezin izango dira egokiak izan. Datu-kopuru handiak eta datuak batu diran herrien kopuru handiak lagundu egiten dabe objektibotasunean. Gainera, bai datuak eta bai datuak batu diran herriak hizkuntzearen eta eremuaren ordezkagarriak badira, orduan berme asko dago emoitzearen zuzentasunean. Bestalde, analisia egiteko teknikak ditugu; berbakerak hierarkikoki sailkatzeko gaur egun zientzian erabilitako teknikea da cluster analisia. Honek analisiaren prozedura zuzena dala bermeak emoten ditu.

Era berean, esan behar da analisi kuantitatiboa UPV/EHUren barruan sortu dan tresna bat (DIATECH) erabiliz egin dala. Online dagoan tresna hau nazinoarteko taldeek erabilten dabe gaur egun eta dialektologia kuantitatiboa egiteko erabilten da. Izakera honek berme handiagoa emoten deutso ikerketa honetan lortu dan emoitzeari. Kulturea uritartu ahala eta gehienon bizimodua urietan gauzatu ahala dialekto sozialak edo soziolektoak sortuko dira.


5.- Noiz sortu ziran euskalkiak zure ustez? Erdi Aroan Mitxelenak esan eban legez?

Ez da liburu honetako gaia eta ez deutse hemengo ondorioei eraginik egiten euskalkiak zaharrak ala barriagoak diran. Dana dala, gai honetan hipotesiak badiran arren, daturik ez dan bitartean alperrekoak dira, elukubrazinoak ez baitauka balio zientifikorik. Historiagile zenbaitek antxinako euskal tribuak eta euskalkiak lotu ditue. Egun Nafarroak hartzen dauen eremuan baskoien tribua edo herria egoala dinoe, gipuzkeraren eremuan, goitibehiti, barduliarrak egozala, mendebalderago, karistiarrak. Baina esan legez, funtsezko zeozer esateko datuak behar dira eta egun ez ditugu. Gauza bat da ustea eta beste bat frogatzea.


6.- Hau esaten dozue liburuan: Ezaguna da euskereak bardintze-fenomenoa ezagutzen dauela; hau da, estandarra eta euskalkiak nahasiz doazela, geroago eta bardinduago bihurtzen doazela, euskalkietako hiztunek euskera batuko ezaugarriak txertatzen dituela eguneroko jardunean eta, aldi berean, berbakeren arteko desbardintasunak txikitu egin dirala. 100 urte barru euskalkiak izango ditugu? 

Ez dago dudarik 100 urte barru ere euskalkiak izango dirala. Kontua da ez dirala oraingo euskalkiak modukoak izango. Orain 200, 300, 400 urte forma estandarra lortu eben hizkuntzetan (ingelesa, gaztelania, frantsesa...) dialektoez berba egiten da gaur egun be eta ikertu egiten dira. Horrezaz gan, kultura uritartu ahala eta gehienon bizimodua urietan gauzatu ahala dialekto sozialak edo soziolektoak sortuko dira eta bariazino geolinguistikoa gitxituko. Hau da, hizkuntzeak aldatzen jarraituko dau eta hizkuntza bariazinoa ikergai izango da, nahiz bariazino hori desbardina izan.


7.- Soziolektoak dagoz dagoeneko Euskal Herrian? Eta hola bada ze ezaugarri ditue?

Nazinoarteko ikerketetan asko lantzen dan gaia da hau. Euskerearen kasuan ez da orain artean asko ikertu. Baina lehen zantzuak agertzen hasiak dira. Eremu txikietan egindako ikerketa batzuetan agertu dira. Hasteko, euskaldunbarri eta euskaldunzaharren artean debardintasun nabarmenak dagoz, nahiz herri berean bizi; hau esateko ez da ikerketarik egin behar, begi-bistakoa da eta. Baina gauza zehatzagoetan be argi agertzen da, adibidez, heldu eta gazteen artean zenbait hotsen ahoskeran edo zenbait egituretan aldaketak dagozala, Busturialdean egindako ikerketa batek, adibide bat ipintearren, zehatz azaltzen dau erakuslea lekuz aldatuz doala (zaharrek ori arrañe esaten daben bitartean gazteek arrañ ori esaten dabe, adibidez).



8.- Zelan ikusten dozuz euskera batua eta euskalkien arteko hartu-emonak? Gatazkatsua al da?

Ez dago ezelako gatazkarik nire ustez. Euskalkia eta euskera batua hizkuntza erregistro bi dira. Beste hizkuntzetan ez bada arazo, ez dakit gurean zergaitik izan behar dauen. Bestalde, badago euskera batuagaz uste bat, adibidez, sentimenduak azaltzeko ez dauela balio. Nik nahiago dot esatea bakotasun hori esaten dauenak daukala, eta ez hizkuntzeak edo erregistro horrek.


9.- Zer da euskalkiez gehien erakarten zaituana?

Sarri gitxien ezagutzen dozuna da erakargarriena. Eta nigan, beste askorengan legez, bere momentuan Zuberoako euskereak baeban erakargarritasunik. Gaur egun be gitxi ezagutzen ditudan gaiak erakarten nabe eta horreetako bat da gazteen berbakerea. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu