Liburu Zahar eta Aukerakoen Azokea, zemendiaren 10era arte

Bizkaie! 2019-10-24 12:53   Kulturea

Bilboko Arenaleko gunean 42 erakusmahai egongo dira.

Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkartearen egoitzan egin dabe aurkezpena (argazkia: Euskadiko Liburu Ganbarea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ohiko liburu-dendetan ez dagozan harribitxiak, ale deigarriak eta katalogotik kanpoko liburuak topetako leku aproposa Bilboko Arenalean egongo da urriaren 25etik zemendiaren 10era, han egingo dabelako 41. Liburu Zahar eta Aukerakoen Azokea. Euskadiko Liburu Ganbareak antolatu dau, Udalaren, Foru Aldundiaren eta Jaurlaritzearen laguntzinoagaz.

Azokea aurkezteko egindako prentsurrekoan, Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak nabarmendu dau liburuzaletasuna zabaltzea dala euren helburua. Liburu Zaharren Azokea aukera ederra da ohi baino prezio merkeagoak topetako, eta, zaletasun handia dabenentzat, topaleku garrantzitsua da, antxinako aleak eta edizino bitxiak egoten diralako erakusmahai batzuetan. Katalogotik kanpo geratu diran liburuei be bigarren aukerea emoten deutse azokeak.

Aurten, 42 erakusmahai egongo dira Arenalean. Gehienbat, Hego Euskal Herriko eta inguruko saltzaileak eta dendak etorten dira Bilbora, baina badagoz Espainiako lurralde urrunagoetatik datozanak be. Muniategik azaldu dauenez, nobelak dira jaun eta jaube azoka honetan, baina historia, euskal gaiak eta gastronomia lantzen daben argitalpenek be estimazino handia izaten dabe bisitarien artean.

Egunero, 17 egunez segiduan egongo da zabalik 41. Liburu Zaharren eta Aukerakoen Azokea. Antolatzaileen arabera, hauxe da ordutegia: goizetan 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldeetan 17:00etatik 21:00etara.

Bizkaiko Liburu-saltzaileen Alkarteko buru Kepa Torrealdaik azokearen aurkezpena aprobetxau dau edizinoaren sektorearen inguruko datu batzuk emoteko. Euskal Autonomia Erkidegoan, 103 enpresa pribadu dabiz gaur egun liburugintzan, eta azken urtean gora egin dabe salmentek, Torrealdairen arabera. Euskeraz, 49 argitaletxek ia 1.500 liburu argitaratu ditue azken urtean. Euskerazko liburugintzeak 36 miloe euroko salmentak izan ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu