Elvira Lindori emongo deutsie BBK Ja! Saria

Bizkaie! 2019-06-25 12:38   Kulturea

10. edizinoa beteko dau aurten umorearen inguruko Bilboko jaialdiak.

Elvira Lindo, Bilbon, 2016ko Ja! jaialdira etorri zanean (argazkia: Ja! Bilbao/David Herranz) | Ikusi handiago | Argazki originala

Irailaren 26tik urriaren 6ra egingo dabe X. Ja!, Bilboko Umorezko Literatura eta Artearen Nazinoarteko Jaialdia. Urteroko sari nagusia, BBK Ja! izenekoa, Elvira Lindo idazle espainiarrari emongo deutsie oraingoan, umorerako sen zorrotza agertzen dauelako bere obran. Urriaren 5ean izango da saria emoteko ekitaldia, BBK Salan, eta Txani Rodriguez idazleak alkarrizketea egingo deutso.

Irrati esatari eta gidoigile izan zan gaztetan Elvira Lindo (Cadiz, 1962). Telebistarako gidoi baterako sortu eban Manolito Gafotas, bere pertsonaiarik ezagunena. Izan be, gero gazteentzako nobela batzuetako protagonista bihurtu eban pertsonaia hori, eta itzelezko arrakastea lortu.

Azken hamarkadetan literaturan dabil gehienbat Lindo. Nobelak, saiakerak eta umeentzako liburuak idatzi ditu, azkena 30 maneras de quitarse el sombrero (2018). Makina bat sari emon deutsiez, besteak beste, Espainiako Sari Nazionala 1988an eta Kataluniako editoreen Atlantida 2009an.

Ja! Bilbao jaialdian bi bidar egonda dago Elvira Lindo, 2010eko lehenengo edizinoan eta 2016an. Hirugarren aldi honetan BBK Ja! emongo deutsie, 20.000 euroko saria. Aurreko bederatzi edizinoetako sarituak Tom Sharpe, Francisco Ibáñez, Ismail Kadaré, Robert Crumb, Julian Barnes, Fernando Trueba, John Cleese, Joyce Carol Oates eta Álex de la Iglesia izan dira.

Bestetik, Ja! festibalaren 10. edizinoko kartela be aurkeztu dabe, Emilio Urberuagak egindakoa. Kartelak be omenaldia egiten deutso Elvira Lindori, Manolito Gafotas pertsonaian oinarrituta dago eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu