Umore Azoka Leioa, Maiatzaren 16tik 19ra

Bizkaie! 2019-05-03 13:49   Kulturea

Egitaraura 120 emonaldi baino gehiago batu ditue. 

Umore Azoka Leioa, Leioako Udalak antolatutako Kaleko Artisten Azokea, udalerriaz jaubetuko da barriro be maiatzaren 16tik 19ra, Kaleko Arteei eskainitako 20 urteko dedikazinoa ospatzeko programazino bereziagaz. Euskal Herritik eta Estaduko eta Europako beste herrialde batzuetatik etorriko diran 46 konpainia izango dira gustu guztietarako eskaintzea osotuko dabenak, erabateko 19 estreinaldi, kaleko 3 estreinaldi eta Estadu mailako 7 aurkezpen tarteko dirala.

Umore Azoka Leioako XX. edizinoaren programazinoaren aurkezpena gaur goizean egin dabe Leioako Artaza Jauregian. Ekitaldian, Mari Carmen Urbieta Leioako Alkatea eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea egon dira; bertan egon da Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera eta Kulturako Foru Diputadua Lorea Bilbao be. Eusko Jaurlaritzeagaz eta INAEMegaz (Kultura eta Kirol Ministerioaren esku dagoan erakundea) batera, ekitaldi honen laguntzaile nagusia da Aldundia.

Mari Carmen Urbietak azpimarratu dauenez, hogeigarren urtez jarraian, Leioa Kaleko Arteen uri bilakatzen da. Alkatearen eretxiz, udalerriak ekitaldiagaz dauen loturea jarduerak antolatzetik harago doa, eta azokearen beharrak kontuan izan dira uri garapena diseinetako orduan. Barriztautako Sabino Arana kaleak hainbat ikuskizun jasoko ditu, sortu barri dan aisiarako gunean, eta horrek, uri atseginagoa eta hobeto atondua eratzeko egin dogun apustuari erantzuten deutso.

Urbietak gogorarazo dau Udalak esfortzua egiten dauela urtero azokearen kalidadeari eusteko, eta pozik agertu da hogei urteko konpromisoaren ondoren lortutako emoitzeagaz: Esfortzuak merezidu dau, Umore Azoka Leioa, gure ekonomiarako, kulturearen sustapenerako eta kaleko profesionalentzako eta artistentzako erreferentziazko hitzordu legez finkatu dogulako. Holan, alkateak Umore Azoka Leioaren garrantzia azpimarratu dau, ekitaldi hori baita EAEn euskal konpainia gehien batzen dituana.

Igaz 37.000 lagun inguru hurreratu ziran azokaren ikuskizun artistikoren batera, eta horrek erakusten dau Azokearen indarra: Eskerrak emon gura deutsedaz, Kultura sailari eta udal talde teknikoari eta mantentze lanetako langileei, urtero Umore Azoka Leioak erantzun ederra izateko ezinbestekoa dan esfortzu horretan parte hartzen daben guztiei adierazo dau Urbietak.

Amaitzeko, alkateak bertako talentuari emoten jakon laguntzinoa nabarmendu dau, aurten, laugarren urtez jarraian Tokiko Eszenea ekimena eroango baita aurrera. 2019an, Leioako 3 konpainiak hartuko dabe parte: Leioako Musika Bandeak, A Day at the Circus, ¡Pasen y vean! lanagaz (Musikea); Fidias Fundazinoak, The Last Wimba-Dinkas (Jantzak) ikuskizunagaz; eta Zirkun Zirko Eskoleak, Zirkun txiki ikuskizuna (Antzerkia eta Zirkua) emonaldiagaz.


46 konpainia eta 120 emonaldi baino gehiago

Programazinoari jagokonez, XX. edizinoa kalidadeak eta aniztasunak markauko dabe, Batzorde Artistikoak 620 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu baititu parte hartuko daben konpainiak. Holan, Umore Azoka Leioa 2019ko programazinoak, 120 emonaldi baino gehiago dakarz, horreetatik 19 erabateko estreinaldiak. Bertan, antzerkia, jantzak eta zirku garaikidea izango dira ardatz, baina komediarako, musikarako, magiarako, jantza bertikalerako edo ekilibrismorako lekua be egongo da.

Sorkuntza sektorearen ikuspuntutik, Umore Azoka Leioak funtsezko erreferentzia izaten jarraitzen dau Euskal herriko Kaleko Arteetarako. Parte hartuko daben 19 euskal konpainien artetik, 15ek orain arte ikusi bako ikuskizunakaz egingo dabe, hau da, ekitaldi batean batzen dan estreinaldi eta euskal konpainia kontzentrazino handiena.

Estreinauko diran lanen artean dagoz: Ana Capilla konpainiaren Cajita de música (Musikea eta jantzak); Circo Dabitxiren La máquina y yo (Antzerkia eta Zirkua); Demode Quartet-en Epa Txiki (Antzerkia eta musikea); Dikothomia Cía-ren e.go (Zirkua eta Antzerkia); Goitiberaren Yijaaa!!! (Antzerkia eta Clowna); La Glo Zirko Jantza Konpainiaren Sacred (Zirkua eta Dantza Bertikala); Malas Compañías Zirko Taldearen Prozak (Zirkua eta Clowna); Organik Jantza Antzerkiren Sardina freskue! (Janzak eta Antzerkia); Izen bereko konpainiaren Reportero on Fire (Clowna eta Performancea); Salitre Teatroren Mr. Soft. Silence, dance o no!! (Antzerkia eta Clowna); Toni La Salen Txontxongilo bertsolariak (Txotxongiloak eta Performancea); Trapu Zaharraren Turistreando (Antzerkia); eta Zanguango Teatroren Al otro lado (Antzerkia).

Leioa Kantika Koralaren Kantiketan lana be erabateko estreinaldia izango da. Abesbatzen musikan, umorean eta dibersinoan oinarritutako saio berezia atondu dau XX Umore Azoka Leioaren programa ofizialean parte hartzeko.

Euskal ordezkaritzea ondokoakaz osotuko da: Akelar konpainiaren Al Baker’s Saloon (Magia eta Antzerkia); Garazi & Cíaren Erraia (Ekilibrismoa, zirkua eta jantzak); Intujai Teatroren Aire hemendik (Clowna eta Antzerkia); Malicia! Cíaren El punto de la i (Zirkua eta Antzerkia); eta Trakamatrakaren Matraka ma non troppo eta Taller Trakamatraka (Musikea eta performancea).

Estaduko 19 konpainiak hartuko dabe parte, erabateko 4 estrenaldigaz eta kaleko 3 estreinaldigaz: Rolabolaren Rock Circ (Antzerkia eta Clowna); Vaivén Circoren Esencial (Antzerkia eta Zirkua); Nuc-en Aigua (Aireko jantzak); El Feditoren Oyún (Zirkua); Jean Phillippe Kikolasen Calor (Txotxongiloak); Bucraá Circusen El gran final (Clowna); Cía Capicúaren Koselig (Magia); Cía Ytuquepintasen JoJo (Artea hareagaz); Cía Nom Provisionalen Qui cu qui qué quina (Zirkua eta Antzerkia); Delrevés Danza Verticalen Finale; El que ma queda de teatreren Antipasti (Magia); Antón Coucheiro Cíaren Sonámbulo (Antzerkia eta Clowna); Sincronacidasen Ohlimpiadas (Clowna); Iker Gómez Dantza Konpainiaren El pequeño lago de los cisnes; Territorio Violeta – Diminuto Teatro sobre ruedasen Una situación insostenible (Antzerkia); Le Guignol Orthopediqueren Tutilimundi (Txotxongiloak); Mariana Collado & Lucio A. Baglivoren MYL (Jantzak); La Cueva Teatro de Calleren #LaCampaña (Antzerkia); eta Uparteren Áureo (Zirkua).

Nazinoartetik 8 konpainia etorriko dira, erabateko estrenaldi bategaz eta estaduko 7 aurkezpenegaz: Collectif Eflirkoaren Echos (Jantzak); Collectif Kaboumen Systéme D (Zirkua); eta Company Super Superren Plouf et replouf (Clowna) frantsesak. Eta Italiatik etorriko diran Jashgawronsky Brothersen PopBins (Zirkua); Kolektiv Lapso Cirken 11 (Zirkua); eta Tobias Circus/Due Etti e Mezooren Equilibrium Tremens (Clowna).

Programa ofiziala, Piti peta Hofen Show (Zirkua eta Jantzak) ikuskizuna ekarriko dauen Cíe LMP konpainia alemanak eta An encounter (Akrobazia lurrean) emonaldia eskainiko dauen Jordi L. Vidal belgikarrak osotuko dabe.

120 emanaldiok 30 espazio eszeniko baino gehiago dituen 13 kokalekutan ikusi ahal izango dira eguenetik domekara: Errekalde Plazea, Udaletxea, Bulebarra, Aldapako Auditorioa, Sabino Arana, Udondoko Bulebarra, Errotako Aparkalekua, San Juan Plaza, Barandiaran Behekoa institutua, Euskal Etxeen Plazea, Ondiz, Jose Ramon Aketxe Plazea, eta Estartetxe kalea. Horrezaz gan, udalerriko zenbait gune, Estartetxe, Sakoneta, Udondoko Bulebarra edo Kultur Leioa, hartuko dituen ikuskizun ibiltariak be egongo dira.


Jarduera profesionalak

Umore Azoka Leioa ez da ikuskizunak aurkezteko gunea bakarrik. Hasieratik, sektorearen barruan ezagutzak trukatzeko, alkartzeko eta gogoetarako gune legez be egituratu da. Hori dala eta, azokeagaz batera zenbait jarduera profesional be egiten da, eta horretarako mundu osoko 200 profesional baino gehiagok emon dabe izena, horreen artean azpimarragarriak dira Sarearev-Antzokien Euskal Sarearen Batzar Nagusia; euskal konpainien proiektu eta prozesu artistikoen aurkezpena jasoko dauen IV. Artekale-Sarea topaketea; eta arte eszenikoen merkatuaren etorkizuna eztabaidatuko dauen COFAE Topaketea.

Horrezaz gan, Artekale Alkarteagaz lankidetzan, Umore Meeting edo negozio bilera azkarrak be egingo dira; une honetan penintsula iparraldean lanean dabizen Zirku alkarteen bilerea; eta Euskadiko Kaleko Arteen Jaialdietako arduradunen topaketea.

Ganera, barikuan, maiatzaren 17an, 14:30ean, XX. edizinoan parte hartuko daben konpainiei eskainiko jaken harrera ekitaldi ofiziala eta Umore Azoka Leioa 2018ko sariak emongo dira. Ekitaldia Mendibile Jauregian egingo da, eta Umore Azoka 2019 Sari Berezia be bertan emongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu