Magiak hartuko ditu Otxarkoaga eta Txurdinaga maiatzean

Bizkaie! 2019-05-03 10:09   Kulturea

Hamabi artista egongo dira Bilboko auzo biotan.

Otxarkoaga eta Txurdinagako Magia Topaketen XV. edizinoak maiatz ia osoa hartuko dau, bihar, hilak 4, hasi eta 30ean amaituta. Bertoko zein kanpoko dozena bat magok 30 emonaldi inguru eskainiko ditue, Bilboko Udalak aurreratu dauenez. Nabarmentzekoak dira Imanol Ituño eta D'Albeniz euskal magoen ikuskizun barrien erabateko estreinaldiak.

Maiatzaren 4an, Adrián Conde argentinarrak zabalduko dau aurtengo edizinoa, Petite Caravane izeneko karabanearen barruan egingo dituan saio laburrakaz. Jente gitxi sartzen da karabanan, hogei inguru, baina saio ugari egingo ditu, zapatuan Txurdinagako Garai lorategietan eta domekan Otxarkoagako Kepa Enbeita plazan.

Aurreko urteetan legez, egitarauan badagoz kaleko ikuskizun arin eta freskoak, baita areto barrurako emonaldi handiagoak be, baliabide tekniko gehiagodunak. Euskerazko eta gaztelaniazko saioak dagoz programan. Esate baterako, 2014an Espainiako Magia Sari Nazinonala irabazitako Imanol Ituñok Zur eta Lur izenekoa aurkeztuko dau maiatzaren 14an. Eszenaratze umoretsu eta parte-hartzailearen bidez, aspaldiko magia-jokoak erakusten ditu.

Jaialdi honetako beste estreinaldia maiatzaren 16koa izango da. D'Albenizek Magia Sari Nazionala irabazi eban 2016an, eta D'Albeniz Personal izeneko ikuskizuna dakar. Ilusionismoa eta karten manipulazinoa lantzen ditu gehienbat.

Beste euskal artistak Tor eta Txoborro magoak (All Baker's Saloon), Hodei Magoa (La magia del Mago Hodei) eta David Blanco izango dira. Azken horrek berbaldia emongo dau Otxarkoagako udaltegian, hilaren 22an. Jatorri urruneko magoen artean, Txinako Huang Zhen aitatu leiteke.

Maiatzaren 17an egingo daben Izarren Gala Handian, emakume magoak izango dira aurtengo ardatza. Azkenik, hilaren 30ean, zaleentzako topaketea egingo dabe Otxarkoagako udaltegian. Hiru sari emongo deutsiez parte-hartzaile onenei. Igazko topaketako irabazlearen, Xabier Linazasororen, ikuskizuna be egongo da.

Egitarau osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu