Martxan da aztarnategi paleontologikoen lehen katalogo digitala

Bizkaie! 2019-04-25 12:09   Kulturea

Informazino hori guztia IDERioja plataformara igon dabe.

José Manuel Valle Melón eta Angélica Torices. Argazkia: UR | Ikusi handiago | Argazki originala

Dron batek eskaintzen dauen ikuspegiaren bidez aztarnategi paleontologikoan ibilaldi birtual bat egin, haren geolokalizazinoa zein dan jakin, aitamen bibliografikoak ikusi, zein lege babes dauen jakin, plano eta argazkiak ikusi, dinosauroen aztarnen ikatzezko ziriz egindako lehen zirriborroak deskargau, edo 3Dn egindakoak... Orain, hori guztia egin daiteke aztarnategi paleontologikoen katalogo digitalak egiteko atondutako protokoloari esker.

Euskal Herriko Unibersidadeko Ondarearen Dokumentazino Geometrikoaren Laborategiko ikertzaileak eta Errioxako Unibersidadeko Paleontologiako Katedrako ikertzaileak Errioxako Aztarnategi Paleontologikoen Katalogo Digitala sortzen dabiz, eremu paleontologiko bateko aztarnategien lehen online inbentarioa izango da, hain zuzen be.

Horretarako, protokolo bat atondu dabe eta horri esker aztarnategi paleontologikoei buruzko informazino guztia eskura daiteke Interneten.

Lan guztia urte eta erdi barru amaituta izatea espero dabe baina Enciso udalerrian (Errioxa) dagoan Valdecevillo aztarnategiari buruzko materiala irauli dabe dagoeneko Errioxako Gobernuaren IDERioja web plataforman; informazino hori komunidade zientifikoarentzat zein jente guztiarentzako dago eskuragarri.

Ekimen honen buruak ondokoak dira: Angélica Torices, Paleontologiako Katedrako zuzendaria, eta UPV/EHUko ikertzaile Álvaro Rodríguez Miranda eta José M. Valle Melón (artikulu zientifikoaren egile nagusia). Ekimenak Errioxako Gobernuaren babesa dauka.

Ondarea jagoteko eta ezagutarazoteko proiektu aitzindaria da honako hau nazinoartean, lehenengoz formatu digitalean jasota egongo baita eremu paleontologiko bateko aztarnategiei buruz eskuragarri dagoan informazino guztia. Katalogo horretarako Internet bidezko sarbidea librea izatean, helburu zientifiko zein dibulgatiboakaz erabili ahal izango da bertako edukia.

Gaur egun –dino Toricesek–, zabal dabil aztarnategiei buruzko informazinoa; kasu askotan, ikertzaileen artxibo personaletan dago, formatu analogikoetan (papela, diapositibak, ikatzezko kopiak, eta abar), digitaletik dibulgazino estandarretara egokitu barik; informazino hori guztia galtzeko arriskuan dago.

Katalogoak batu egingo ditu datu horreek, teknologia barrien bidez eskuratutako beste materialakaz osotu, eta jagoken testuinguru espazialean kokatu, holan, eskualdeko aztarnategi paleontologikoei buruzko informazino asko jarriko dabe, kalidadezkoa eta testuinguruan kokatua, interesa daben guztien esku.

Paleontologia Electronica (The use of new web technologies for the analysis, preservation, and outreach of paleontological information and its application to La Rioja (Spain) paleontological heritage) aldizkarian argitaratutako artikuluan, José M. Vallek eta bere kolaboratzaileek protokolo bat proponidu dabe holako katalogoak egiteko, edozein aztarnategiri buruz dagoan informazinoa modu estandarizatuan gorde, eguneratu eta konpartidu ahal izateko (softwarearen eguneratzeak, bersino barriak eta bestelako hobekuntza informatikoak gorabehera).

Artikuluak protokoloak Valdecevilloko aztarnategiaren (Enciso, Errioxa) kasu zehatzean izan dauen aplikazinoa jarri dau adibidetzat, izan be, azken 30 urteetan aztarnategi horri buruz sortuko dan informazino guztia barrikusi eta sailkatu dabe (argazkiak, diapositibak, planoak, marrazkiak, artikuluak, zirriborroak eta bestelakoak), hautaketa egin eta digitalizau.

Material horreek teknologia barriei esker lortutako datu gehiagogaz osotu dira, hainbat eginkizun hartu dituan eskaneau ostean: aztarnategia garbitu, geolokalizau (erreferentziazko topografia ezarriz), argazkiak atera (kamera digitalen bidez, dronen bidez eta zehaztasun milimetrikoa emoten daben argi egituratuko eskanerren bidez), laborategian fotogrametria egin eta hiru dimensinoko ereduak egin. Informazino hori guztia IDERioja plataformara igon dabe eta sarbide librea dau Internet bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu