Hemen dira Aulestiko XIV. ArteDrama Topaketak

Bizkaie! 2019-04-17 12:48   Kulturea

Apirilaren 22tik 27ra izango da arte eszenikoetan euskeraz dabizenen topagunea.



ArteDrama Euskal Laborategia
(ADEL), arte eszenikoetan euskeraz dabizanen topagunea da; aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat urtero zabaltzen dan gunea. Euskal Herriko arte eszenikoetan sartuta gagozanon arteko eztabaidak, jakintza eta alkartrukeak sustatzeko asmoagaz, astelehenetik zapatura, 48 orduz guztira, 5 irakasleren tailerrak atondu ditugu. Ikastaro guztiak euskeraz izango dira, eta matrikulea 450 €koa (lotarako lekua eta otorduak barne).

Egitarauari hasierea emoteko, apirilaren 22an, Aulestiko Udal aretoan, Atx Teatroa-ko lagunek 7ak bat eskainiko dabe, gaueko 21:00etan.

Ganerakoan, emakumea ardatz daben 8 ikuskizunez osotutako programea antolatu dabe.


Ikastaroak ADEL 19

Irakasleak izango dira Laida Azkona, Laura Penagos, Getari Etxegarai, Estitxu Zaldua eta Iraia Elias.

- LAIDA AZKONA (Ikusten dana. 12 orduko ikastaroa). Galdetu deutsazu inoiz zure buruari zelan begiratzen dozun? Pentsau dozu zelan ikusten dozun ondoko hori? Eta zer dan hari ikusten ixten deutsazuna?

Azkenik, historia ber-idatzi badaiteke, eta gorputza ber-hezitu, posible dogu inguratzen gaituen hori ber-ikusten ikasi? Galdera horreek guztiak dagoz tailerraren oinarrian.

Alkargune bat izango da, leku bat gorputz bigun eta edegien bitartez, geure begiratzeko molde partikular eta bakarrak konpartiduteko.


- LAURA PENAGOS (Antzez-alteridadea: Neure nitik nire beste nira. 8 orduko ikastaroa). Tailer honetan batez be geure gorputza eta ahotsa trebatuko ditugu antzez-adierazpenaren alorrean akrobazia aurreko ariketak, asanak, arnasketea, erlaxazinoa, entzuketa aktiboa, ahots barrunbe durunditsuen lanketa eta kantuen bidez. Saio honeek ez dira esperientzia tekniko hutsean oinarrituko; norberaren eta bestearen desio eta asmoen alkarretaratze, harreman eta onarpenaren alorreko ikerketan sakontzea dabe helburu.


- GETARI ETXEGARAI (Antzezlea, sorkuntzarako makina bat bezela. 8 orduko ikastaroa). Burmuina muskulo boteretsu bat da; bai, baina gure gorputzeko beste muskulo guztiak bezela, landu eta jagon behar dogu. Askotan ikusten ditugu antzezleak, euren gorputzak jagoten jaten dabena begiratzen, luzaketak eta gimnasia ariketak egiten, ahotsa berotzen... Baina nor ikusten dogu burmuin beroketa bat egiten?

Modu asko dagoz burmuina lantzeko; istorioak sortzea bat da, akaso niri gehien gustetan jatana, holan, imaginazinoa garatzeaz gan, beste hainbat gauza be lantzen baititugu. Beraz, hauxe da nire proposamena, zortzi ordu honeetarako: burmuinari eragingo deutsagu, gure imajinazinoari, inprobisaketea olgeta eta ariketa batzuen bitartez. Beste modu batean esanda, istorioak sortuko ditugu guztion artean, beren hasiera, korapilo, amaiera eta guzti.


- ESTITXU ZALDUA (Gorpuztu espazioa / Gorpuztu objektua. Iraupena: 12 orduko ikastaroa). Gorputz eta espazio kontrola ezinbestekoa da eszenatokian antzeztu behar dauen edozeinentzat; bere inguruan dagoan ororen ezagupena izan behar dau. Horregaitik ikastaro honetan kinesferea, espazioaren lerroak, geometria, tensinoak, indarrak, gorputza eta objektuaren arteko loturea landuko ditugu.

Talde lana, entzumena eta sinergia landuko dira beroketa aktoral baten bitartez. Antzerki fisiko eta bisualaren sormen aukerak usainduko dira, objektuakaz olgau eta beste adierazpen sinboliko eta metaforikoak ikertuko dira.


- IRAIA ELIAS (Musikearen mobimentuetatik gorputz partituretara. 8 orduko ikastaroa). Musikea eta erritmoa hartuko ditugu oinarri ikastaroan eta gorputza hortik jarriko dogu mobimentuan. Zelan da musikearen arabera mobidutea? Musikea bera izatea? Zelan mobidu musikearen kontra? Ze mobimentu sortarazoten deustie erritmo eta doinu ezbardinek? Nora eroaten gaitue? Ze iruditegira? Zelan gorpuztu?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu