‘Exotismoaren bidetik: Sáenz de Tejada argazki bildumea’ Bilbon

Bizkaie! 2019-03-07 07:59   Kulturea

Erakusketea apirilaren 27ra arte bisitau ahal izango da Euskadiko Artxibo Historikoan.

Erakusketea sano baliogarria da Sáenz de Tejada Artxiboa ezagutzeko. Familia-artxibo horrek bost argazki-bilduma ditu, 1860tik 1960ra batutakoak, eta bihar inaugurauko dan erakusketan 150 argazkirik baliotsuenak dagoz. Erakusketeari hasierea emoteko bisita gidatu bat izango da bihar (19:00etan), Juantxo Egaña komisarioaren eta Lee Fontanella estadubatuarraren eskutik, azken hau Espainiako argazkigintzearen historian aditua.

Erakusketa hau Euskadiko Artxibo Historikoari Sáenz de Tejada Artxiboa laga jakolako antolatu ahal izan da. Familia-artxibo honen jaubeakaz egindako hitzarmenean sartu dira konserbazino-lanak zein zabalkundekoak. Asmoa da bildumea katalogau eta, horren ostean, digitalizetea. Era berean, balio parebakoagaitik, erakusketa hau antolatzeko erabagia hartu da; Lee Fontanellak beregan hartu ditu bai erakusketako irudien hautaketea bai katalogoa atontzea be. Erakusketea apirilaren 27ra arte bisitau ahal izango da, honako ordutegian: astelehenetik eguenera, 10:00etatik 20:00etara; barikuetan, 10:00etatik 18:00etara; eta zapatuetan, 11:30etik 14:30era, eta 17:30etik 19:30era.

Sáenz de Tejada Artxiboak batutako bost funtsak haren familia osotzen daben adar desbardinetatik datoz; gehienean, XIX. mendeko eta XX. mendeko lehen hereneko milaka irudien sailkapen eta batze lana da, Carlos Sáenz de Tejadak XX. mendeko hirurogeiko urteetan egindakoa. Carlos Sáenz de Tejada Madrilgo Complutense Unibersidadearen Amerikaren Historiako irakaslea izan da, baita katedraduna be Saint Louis Unibersidadean, Madrilen. Artxiboan argazkilaritza aurreko irudiak dagoz (miniaturak eta fisionotrazuak), baita dagerrotipoak, panotipoak, albuminak, anbrotipoak, zianotipiak eta ferrotipoak be.


Sáenz de Tejada

Funts honetan Fermín Sáenz de Tejada diplomazialariak bere bidaietan batutako irudiak dagoz, XIX. mendeko bigarren erdialdekoak: Hong Kong, Formosa, Berna, Anberes, edo Liverpool, besteak beste. Funts honetan, Carlos bere semeak hartutako argazkiak dagoz, diplomazialaria zalako ha be, Afrikako lehen gerran Orango konsul ibilia, eta irudi ugari itxi ditu. Aipagarriak dira koadro, eskultura eta monumentuen 200 argazkiak, baita Estaduko, Egipto eta Marokoko askotariko urien panoramikak be.


Gorman Dowling

Funts honetan, Judith Dowlingen familiaren irudiak dagoz; Judith Carlos Sáenz de Tejadaren emaztea zan. Lehenengo argazkiak 1870ekoak dira, eta Bostongo Shurtlepf & Hutchinson argazkilarien ‘cartes de visite’ batzuk dira. Ferrotipo batzuk be badagoz, baina funts honetako irudi interesgarrienak joan dan mendeko 20ko urteetan egindako erretratu piktoralisten bilduma bat dira. Ganera, Ambrose Dowlingen gordetako argazki batzuk be nabarmentzekoak dira.


González del Campillo

González de Campillo familiaren irudiak Carlos Sáenz de Tejadaren amomaren dohaintza bat izan ziran. González del Campillo Mexikon meategiak zituan familia bat zan, eta gogotik saiatu zan Espainiaren Amerikako koloniei eusten. Familia honen funts garrantzitsuena Agustín González del Campillo diplomazialariarena da. Funtsean, Abdullah anaien irudiak dagoz, Vassilaki Kargopoulo argazkilariarenak, edo González del Campillok hartutako irudiak, Japonia eta Marokoko haren egonaldikoak.


Sánchez Salvador

Arlo hau 130 argazkik osotzen dabe, gehienean senitarteko eta adiskideen erretratuak, ‘carte de visite’ formaz. Argazkiak mundu osoko estudioek egin zituen. Hogei bat irudiren bitartez, Kubako familia honetako kideen erretratu batzuk batu dira, Hamar Urteko Gerrak iraun bitartean hartutakoak.


Lezama

Eladio Lezamak 300 argazki inguru itxi zituan, gehienean familiako erretratuak, eta 1873ko I. Espainiako Errepublikako irudi alegorikoak be itxi zituen, baita monarkiari burla egiten deutson argazkiren bat be. Garai haretako politikari liberal nagusien erretratuak be badagoz, tartean dala Emilio Castelar. Eladiok itxitako funtsen artean, bada 45 ‘cartes de visite’ dituan album bat, momentuko politikako askotariko personaiei eta Prim jeneralari buruzkoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu