'Zaharrean Barri', badator Bilboko Alde Zaharreko Jai Batzordea

Bizkaie! 2019-02-28 09:54   Kulturea

Prozesu parte-hartzailea amaituta, Bilboko Alde Zaharreko Jai Batzordea jaio da: Zaharrean Barri.

Alde Zaharreko Jai batzordea prozesu parte-hartzaile baten bidez eratu da, 2018ko urria eta abendua bitartean. Edegia eta publikoa da, auzokide guztiok batu eta ordezkatzeko asmoz jaio dana.


Jaiak/Jai Batzordea zertarako?

Alde zaharreko auzokideon identidadean eragin eta auzokideon sarea sendotzeko. Urtez urte azkar aldatzen doa auzoa eta kanpora begirako ekimenak dira nagusi. Auzokideok eta auzokideontzat sortutako ekimenak falta dira, auzo izakerea indartuko dabenak.

Alde zaharra izan dana eta gaur egun dana islatzeko. Jai batzordearen helburuak:

• Urtean ezagunak diran datak erabili, auzokideentzako ekimen soziokulturalak antolatzea: Euskerearen eguna, gabonak, inauteri txikiak...

• Alde Zaharrean ekintza propioak atontzea: Auzoko jaiak, triatloi herrikoia, erakusketak, kaleko zinemea...

• Auzokide guztiok batu eta ordezkatuko gaituan koordinazino sarea sortzea.


Zelako jaiak gura doguz?

o Auzotik eta auzoarentzat: Auzokideok diseinautako jaiak, bertako interes eta indarguneak azaleratzeko atondutakoak. Alde zaharrean ekimenen saturazinoa igarri da, baina ekimen gehienak, auzotik kanpoko biztanleei zuzenduta dagoz. Orain gure txandea da. Gure auzokideak ezagutu eta alkarregaz ospatzeko jaiak izango dira.

o Tabernen eta zaratearen bukletik atera: Alde Zaharrean eten bakoak dira jaiak eta zaratea. Jai batzordea ez dator auzokideei molestia gehiago eragiteko, eguneko bizitasuna indartu eta gaueko taberna/zarata bukleari alternatiba bat eskaini guran baino.

o Belaunaldien artekotasuna: Edade guztietako jentea bizi gara Alde Zaharrean. Auzokideak alkarren artean ezagutu gaitezan, edade guztiei zuzendutako ekintzak antolatzea behar leuke Jai batzordearen ardurea. Danok dogu gure lekua auzoko jaietan eta aniztasun hori bermatzea eta aldarrikatzea beharrezkoa da.

o Auzoaren izakerea eta historia ardatz: Auzo-izakerea indartzeko, historia eta identidadean eragitea interesgarria da. Zein ziran alde zaharreko berezitasunak? Zelan dibertiduten ziran auzokideak antxina? Zer eragin izan eban itsasadarrak auzoko bizitzan? Hainbat idea dagoz: Gatzaren matxinadeagaz lotzea jaiak
(Maiatzak 24), Bilboko portuaren istorioak, 7 Kaleen berezitasunak (Pelota kaleko frontoia, Santiago plazako erromeriak...).

o Auzoko merkatarien eta artisauakaz alkarlana: Alde zaharraren alde garrantzitsua da merkataritzea. Auzoko kaleetan danetariko denda, sortzaile eta artisauak dagoz. Horreek guztiek be badabe zer eskaini auzokideoi eta alkarlan interesgarriak sortu daitekez danon artean.


2019ko 1. Sei hilebeterako proposamena

• Bagilaren 1ean, Zaharrean Barri Eguna. Egun batez, auzokideak batu eta jai batzordeagaz adierazo nahi doguna batuko dogu: Merkatarien eta artisauen ate edegiak, auzokideen lehiaketa gastronomikoa, gaztetxuentzako ekintzak...

Lehen pausua da, aurrera begira auzokideak batu ekimen indartsuagoei bide emoteko.

• Martia-Apirila:

o Zaharrean Barri batzarrak: bagilaren 1ean egingo dogunari etxurea emoteko batzar edegiak.

o Martiaren 13an, 19:00etan: La Bolsan (Pelota kalea 10); martiaren 21ean, 19:00etan: La Bolsan; apirilaren 4an, 19:00etan: La Bolsan; apirilaren 25, 19:00etan: La Bolsan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu