Bilboko Euskal Museoa 4.0 da

Bizkaie! 2019-01-31 12:14   Kulturea

Edukia euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez egongo da eskuragarri, Apple Storen edo Google Playen.

Bilboko Euskal Museoak Euskal Museoa - Itsasoa aplikazinoa sortu dau; Bluetooth LE 4.0 (iBeacon) posizionamendu-teknologiaren bidez, ikusleei aukerea emoten deutse Itsasoa aretoan alkarri eragiteko. Bizkaiko erakundearen lehen pisuan dago erakusketea eta appak eskuragarri ipinten ditu museoko erakusketearen zati hori osotzen eta dinamizetan daben multimedia edukiak.

Bederatzi sensorez osotutako ibilbide baten bitartez, bisitea egin nahi dauen edonork, aplikazinoari esker, ikusiko dau zelan agertzen jakon eduki digitala bere telefonoan edo tabletan. Horretarako, aplikazinoa behera kargau behar da museoaren hallean; Euskal Museoa - Itsasoa Apple Storetik edo Google Playetik bajatuteko. Aretoan zagozanean, euskeraz, gaztelaniaz zein ingelesez, eduki estra horregaz guztiagaz gozau ahal izango dozu.

Aplikazino barritzaile honen garapena eta diseinua Euskal Museoak koordinau dau, Kbi Digital Bilbaogaz alkarlanean. Taldean egindako lana da, eta edukiak era sinple eta atseginean ikusteko, formaturik onenak topetan ahalegindu gara. Beste erakunde batzuek be hartu dabe parte; esate baterako, Albaola Itsas Kultur Faktoriak ikus-entzunezko materiala itxi deusku, eskuzabaltasunez.

Bestalde, iBeaconak erakusketako bitrina desbardinak aintzat hartuta egokitu dira, erabiltzailearen esperientzia ahalik eta onena izan daiten. iBeacon energia bajuko Bluetoothean (BLE) oinarritzen da. Bluetooth LE izaten dabe modu dualagaz bateragarri diran Bluetooth 4.0 gailuek. Bizitza errealean, posizinoaren/testuinguruaren araberako sensore haribakoa izango litzateke. Horri esker, Itasoa aretoko ibilbidean dagozan 9 iBeacon sensoreek badakite erabiltzailea non dagoan, eta, beraz, gune horretako edukia bistaratzen dabe. Sensoreak dagozan lekuetan, ondoko elementuak egongo dira: Bideo-gidea arloagaz zerikusia daben 3D objektuak; arloagaz zerikusia daben galdera-jolasak;360 graduko argazkiak; eta abilezia jolasak.

Aplikazinoagaz lortu nahi da bisitariaren esperientzia aberastea, izan be, erabiltzaile bakotxak informazino gehigarria izango dau era indibidualizatuan, bai eta olgetan ibilteko aukerea be, bere ezagutzak proban jarteko. Horrek guztiak, ganera, laguntzinoa emongo dau Museoaren lanagaz jarraitzeko, hau da, euskal kulturea eta historia zabaltzen jarraitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu