Juan Mari Uriarte eta Lourdes Moreno dira ‘Gazte Role Model 2018’ sarituak

Bizkaie! 2018-11-22 09:13   Kulturea

Sari-banaketea, zemendiaren 26an, arratsaldeko 18:00etan, Begoñazpi Ikastolan izango da. 

Juan Mari Uriarte | Ikusi handiago | Argazki originala

‘Gazte Role Model Saria’ sariak Bilboko Begoñazpi Ikastoleak urtero lan eta solidaridade baloreak aintzat hartuz emoten dituan sariak dira. XI. edizino honetan, Donostiako gotzain emeritua dan Juan Mari Uriarte ez eze, ekonomialaria, Bolueta Engineering Groupeko bazkidea eta Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Alkartearen ustez 2018an Bizkaiko enpresaburu onena dan Lourdes Moreno be sarituko dau.

Sari-banaketea, zemendiaren 26an, astelehenean, arratsaldeko 18:00etan Begoñazpi Ikastolan izango da (Jesus Galindez etorbidea, 15 -Txurdinaga- Bilbo); bertan izango dira Bilboko alkatea dan Juan Mari Aburto, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua dan Cristina Uriarte, Euskera, Kultura eta Kiroleko Foru Diputadua dan Lorea Bilbao eta Bilboko Eleizbarrutiko gotzaina dan Mario Iceta. Solidaridadeari jagokon saria, Juan Mari Uriartek jasoko dau eta lan munduari jagokona, Lourdes Morenok.

Euskadiko gizarte eta enpresa munduko zazpi adituk osotu daben epaimahaiak, ekonomilari, zuzendari, enpresari, aholkulari eta hainbat negozio-eskola eta unibersidadetan irakasle dan Moreno donostiarraren lan-ibilbidea goraipatu dau. Londresen, inbersino-bankuan erantzukizun handiko lana egiteaz gan (JP Morgan, BNP Paribas eta Credit Suisse First Boston), zenbait erakunde publiko eta pribatutan aholkulari be izan da. 2016tik, Galdakaon dagoan Bolueta Engineering Groupeko bazkide-jaubea da. 2018an, Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Alkarteak Bizkaiko enpresaburu onena izentau dau. Epaimahaiak, modu honetan, aintzat hartu dau haren lan-ibilbidea, konpromisoa eta adorea, egungo zein etorkizuneko belaunaldientzat ikasbide eta eredu izango dalarik.



Juan Mari Uriarteren kasuan, epaimahaiak giza-ezaugarri sakonak azpimarratu ditu, batez be, besteei entzuteko, besteakana hurreratu eta enpatia izateko zein zentzunez jokatzeko dauen gaitasuna nabarmenduz. 2000-2009 urte bitartean, Donostiako gotzain izan zanak eta gaur egun Gipuzkoako Eleizbarrutiko gotzain emeritua danak, Euskadik bakea eskuratzeko bidean (bakegintzan) berebiziko garrantzia izan eban.

Horregaitik, ba, epaimahaiak Uriartek indarkeria mueta guztiak gaitzetsiz eta zigortuz, persona zein eskubideakazko errespetuan oinarritzen dan alkarbizitzako ezaugarri edota oinarriak ezartzeko egindako lan nekaezina gogoratu deusku.

Begoñazpi Ikastolako zuzendaria dan Merkat Bernaolak diñoanez, hamaikagarren edizino honetako epaimahaiak sarituen gizarte-lana onartzeaz gan, hartu-emonetan zein barrikuntza eremuan gazteek jarraitzeko eredu izateko egiten daben lana be goratu dau, lana autorrealizazino profesionaltzat hartuz eta egoera ahulean dagozanakazko solidaridadea izanez.

‘Gazte Role Model Saria 2018’ epaimahaia, Euskadiko enpresa eta gizarte-laneko zazpi adituk osotu dabe; honexek dira: Izaskun Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomia saileko idazkari tekniko ekonomikoa, Aitor Cobanera SPRIko Teknologia eta Barrikuntzako zuzendaria, Leire Bilbao Innobasque, Barrikuntzearen Euskal Agentziako zuzendaria, Iñaki Garcinuño CEBEK, Bizkaiko Enpresarien Konfederazinoko presidentea, Gaspar Martinez Bilboko Eleizbarrutiko kultura-ondasunen arduraduna, Nerea Begoña Eleizbarrutiko Ikastetxeetako zuzendari nagusia eta Merkat Bernaola Begoñazpi Ikastolako zuzendaria.

Epaimahaikideen esanetan, 2018ko Gazte Role Model Saria jaso dabenek, ikasleentzako eredu izango dira enpresa munduan daben jarrera baikorragaitik, lan-garapenagaitik eta besteakanako ardureagaitik. Hain zuzen be, hauxe da 2008tik hona Bilboko Gotzaitegikoa dan eta 1.700 ikasle baino gehiago dituan Ikastola honetako sarien helburu nagusia.

Sarituek euren bizipen edo esperientzia Ikastolako geletan zabalduko dabe. Ikasturtean zenbait berbaldi izango dabe ikasleakaz, bizitzan izandako helburuek zelan eragin deutseen azalduz, gaztetatik kontuan izan deien emongo deutsien aholkua, lan munduan izan daben hobetzeko pasinoa zein egoera ahulean dagozanei gizarte-lanean eskuzabaltasunez lagunduz.

Sarituek hezkuntza, fantasia eta mobimentuaren ikurra dan eta Nestor Basterretxea eskultore bizkaitarrak eginiko ‘Gazte Role Model Saria’ eskulturea jasoko dabe. Ekitaldian, Ikastoleak azken hamar urteotan, sariok izan daben garrantziaren barri emongo deusku.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu