Bitaño izurtzarraren kontakizunak argitaratu ditue

Bizkaie! 2018-11-16 08:51   Kulturea

Mugarrapetik kontu kontari. Esku bete atal liburua Labayru Fundazinoaren eskutik dator.

Izurtzan jaio zan Nikolas Alzola Gerediaga, Bitaño, eta Irungo lasalletarren komentuan hil, 60 urte bete orduko. Liburu ugari idatzi zituan, baina beste makina bat idatzi itxi zituan argitaratu barik. Anaia Martin Lasak gordeta euki ditu, eta Labayru Fundazinoak liburu baten plazaratu ditu orain, Mugarrapetik kontu kontari. Esku bete atal izenburupean.

Antton Mari Aldekoa-Otalora, Xabier Boveda, Alberto Errazti eta Sebastian Gartzia Trujillo ibili dira liburua atontzen, Bitañoren prosazko idatzietatik abiatuta. Izurtzan aurkeztu dabe argitalpena, bertan dirala egileak, Adolfo Arejita Labayruko zuzendaria, Lorea Muñoz Izurtzako alkatea, eta Martin Lasa La Salleko Anaiea.

Liburuko kontakizun gehienak didaktikoak dira, gazteei zuzenduak, euskera erraz-gozoan, Labayrukoen arabera. Pasadizoetan Izurtzako leku asko aitatzen diranez, amaieran mapa baten kokatuta dagoz lekuok eta bakotxa ze kontakizunetan aitatzen dan. Mapa horretan ibilbide bat erakusten da. Hilaren 11n egin eben ibilaldia herritarrakaz, leku bakotxean liburuko pasarte batzuk irakurriaz batera.

Idatziei laguntzen deutsen irudiak be Bitañok eginak dira. Izan be, disziplina askotan ibilitako artistea zan izurtzarra, eta marrazkigintzan abila zan. Durangoko Arte eta Historia Museoan haren artelanen erakusketea dago.

Mugarrapetik kontu kontari. Esku bete atal Izurtzako Udalaren, La Salle ordenearen eta BBK Fundazinoaren laguntzinoagaz argitaratu dau Labayruk. Sutondoan bildumakoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu