Igiriñaoko 'katedral naturalak' San Inazio eguneko mezea hartuko dau

Bizkaie! 2018-07-27 13:29   Kulturea

Urteroko ohiturea barrituko dabe zeanuriztarrek garagarrilaren 31n.

Sasoi baten domeka eta jai egun guztietan egoten zan mezea Gorbeia inguruko Igiriñao parajeko Edurretako Amaren baseleizan, 1.119 metroko garaieran. Gaur egun, San Inazio egunean baino ez da egiten, hau da, urtean behin. Aurtengo hitzordura be ez dabe huts egingo Zeanuriko herritarrek, fededunek eta mendizaleek.

Martitzeneko mezea 12:00etan hasiko da. Zeanuriztarrek Igiriñaoko Andra Mariari eginiko ereserkia abestuko dabe eta gogoan hartuko ditue aurten hildako mendizale eta artzainak. Amaitzeko, San Inazioren martxea kantauko dabe eta Zeanuriko Udalak barauskarria eskainiko dau: ardao zuria eta gailetak. Txistulariek alaituko dabe giroa.

Zeanuriko herritarrentzat ospakizun berezia izaten dan arren, Igiriñaoko meza horretara beste leku askotako jentea be joaten da. Bilbo aldekoak, Arratiakoak, Orozkokoak, Arabako partekoak eta abar. Fede gehiago edo gitxiago izan, danek parte hartzen dabe ospakizun berezi baten, Bizkai guztian ez dagoalako ha baino leku altuagorik mezea emoteko.

Edurretako Amaren baseleizea porlanez eginda dago, upel bobeda modura eregia, hegi harritsu baten sartuta. 3 x 2,225 metro da zabal, eta atean jarritako burdin hesi batek ixten dau. 1924an, Areatzan abade egoan Eulogio Gorostiaga zeanuriztarrak hauxe idatzi eban, Gurutzi Arregik Ermitas de Bizkaia azterlanean gogoratzen deuskunez: Baseleiza hau oraintsukoa da; bere eskaintza egin zan Arraban egoan beste baten oroigarri, artean zelai honetan sendategi bat egoala.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu