Hegaztien migrazinoak aztertuko ditue Izaro ugartean

Bizkaie! 2018-07-25 10:26   Kulturea

Aranzadi Zientzia Alkarteak eta Urdaibai Bird Center-ek gidatuko dabe proiektu aitzindari hori.

Aranzadi, Urdaibai Bird Center eta Bermeoko Udaleko arduradunak (argazkia: Bermeoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ugarteek hegaztien migrazinoan daben zeregin garrantzitsua aspalditik aztertzen dabiz zientzialariak Mediterraneo itsasoan, 1988an Italiako Picole Isole proiektua martxan jarri zanetik. Eredu horretan oinarrituta, Izaro islan antzeko egitasmo bati ekingo deutsie abuztuan. Kantauri itsasoan aitzindari izango da. Proiektua Aranzadi alkarteko Ornitologia sailak eta Urdaibai Bird Center-ek bultzatu dabe, Bermeoko Udalaren babesagaz. Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak be lagundu dabe.

Aurkezpenean honeek egon dira: Maite Lazo, Aranzadiko kidea; Luis Betanzos, Aranzadiko kidea eta proiektuaren arduraduna; Edorta Unamuno eta Ioar De Guzman, Urdaibai Bird Center-eko ordezkariak, eta Irune Ormaetxea, Bermeoko Ingurumen zinegotzia. Etenbako ahalegina eta zehaztasun handia eskatzen dauen proiektua dala azaldu dabe.

Hegazti txikien migrazinoen barri izateko eraztunketea egitea izango da egin beharreko lan nagusia. Abuztu guztian, lau zientzialari Izaron egongo dira, bertatik pasetan diran hegaztien inguruko informazinoa jasoten. Txandaka, gau eta egun ibiliko dira hegaztiei eraztunak jarten. Leku estrategikoa da Izaro, peninsulara Oka ibaiaren itsasadarretik sartzen diran hegaztiek topetan daben lehenengo lurgunea da eta.

Eraztunak jarteko kanpainea espezie transahararrak diralakoakaz egingo dabe; hau da, Europan umatu eta negua Afrika tropikalean pasetan daben hegaztiakaz. Laginketa abuztuaren 1etik 31ra egiteko asmoa dabe proiektuaren bultzatzaileek.

Eraztunak jarteko, laino-sare batzuk jarriko ditue, 16 mm-ko argitasunekoak, harrapauta geratzen diran hegaztiak hartzeko. Sareak zabalik egongo dira egunsentitik iluntzeraino eta orduro begiratuko dabe sarea. Haize leuna, arina edo beroa bada, ostera, gehiagotan. Euria eta haize zakarra izan ezkero, sareak itxita egongo dira, harrapatutako hegaztiak hil ez daitezan.

Hegaztiak harrapatutakoan, kolektoreetan sartuko ditue, eraztunak jarri eta neurtu egingo deutsiez hegoen eta gorputzaren luzerea, koipea eta pisua. Edadea be zehaztuko dabe lumak aztertuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu