Olatz Arrietak EuroBasque 2017 Kazetaritza saria irabazi dau

Bizkaie! 2018-04-17 09:37   Kulturea

Trump Amesgaizto Amerikarra liburuan idatzitako artikuluagaitik jaso dau autortzea.

Europa, lehen ehun egunen ezinegona artikuluagaz irabazi dau Olatz Arrieta kazetariak EuroBasqueren, Europako Mobimenduaren Euskal Kontseiluaren 2017ko Kazetaritza Saria. Berriak, Elkarrek eta Jakinek 2017an plazaratu eben Trump Amesgaizto Amerikarra liburuan argitaratu zan lan ha.

Eskarmendu handiko kazetaria da Olatz Arrieta. Donostiakoak EHUn lizentziau eta nazinoarteko politikaz MA master bat egin eban NYU unibersidadean. Euskal Telebistan eta Euskadi Irratian (EITB), web-ean (BBC Mundo), egunkarietan (Euskaldunon Egunkaria eta El Mundo), think tank baten (Eurasia Group) eta aldizkarietan (Gizadiberri) lanean ibilia da.

Barriemole moduan Errusian urte bi emon zituan lan egiten, Estadu Batuetan hamahiru eta Europar Batasunean bost urte daroaz, 2013tik orain arte Bruselan ETBrentzat. Geopolitika gaietan interesatua, Europar Batasuneko, Estadu Batuetako eta Errusiako arazoak aztertu ditu modu sakonean. Ingelesez, frantsesez eta errusieraz berba egiten dau. Emmy Awards sarietan dokumental eta albisteen kategorian epaimahaikide izan da urte bitan.

Artikulu saritua egileak berak aurkeztuko dau maiatzaren 9an, 11:30ean, Eusko Legebiltzarrean EuroBasquek egingo dauen ekitaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu