Bizkaiko herri, uri eta auzoetako jai herrikoien bilatzailea sortu dabe

Bizkaie! 2018-04-06 09:32   Kulturea

Egitasmo honegaz, gizarte guztiari dobako tresna bat eskaini nahi deutso Patxi Koop enpreseak.

Aste Santua baino lehen jarri eban sarean Patxi Koop enpresak Bizkaiko jaien bilatzailea. Bere helburua jai herrikoiak, musika jaialdiak edo bestelako ospakizunak bilatzen dituen erabiltzaile guztiei zerbitzua emotea da. Bizkaiko Jaiak jarri deutsie izena eta martiaren hasieran abian jarri zan arren, dagoeneko 60 ekitaldi baino gehiago jaso ditu, tartean Bilboko auzoetan 2018an ospatuko diranak.

Egitasmo honegaz, gizarte guztiari dobako tresna bat eskaini nahi izan deutso Patxi Koop kooperatibeak. Erabilerraza da eta norbere aisialdia atontzeko balio dau. Era berean, konparsa, jai batzorde eta bestelako herri alkarteei hareen ospakizunak zabaltzeko plataforma bat emon nahi deutse, antolatzen dituen ekitaldien barri emotea errazteko.

Galder Uriarte Patxi Koop kooperatibako kudeatzaileak nabarmendu dauenez, gure herriak ez dau parekorik kaleak beteteko orduan, jaia geure-geurea da, herri eta kultura alkarteek sekulako lana egiten dabe hori holan izan daiten eta guk geure aldetik luzaroan holan iraun daian lan egingo dogu, ahal dogun neurrian. Jaiak lan asko sortzen dauela be azpimarratu nahi izan dau Uriartek. Asko dira jaiak sortzen dituan enpleguak, modu zuzenean edo zeharka eta gure asmoa, jaietatik bizi diran enpresei eta langile autonomoei tresna erabilgarri bat eskaintzea be bada.  

Bizkaiko Jaiak bilatzailea Patxi Koop kooperatibearen webgunean dago eta guztiz erabilerraza dala dinoe sustatzaileek. Egutegiak egun bakotxean Bizkaian atontzen dan jaia erakusten deutso erabiltzaileari. Jai horreetako bakotxa fitxa modura ikusi daiteke, zelako programazinoa dagoan jakiteko edota jaien kartela ikusteko, kartelik badago.

Horrezaz gan, leku edo egun zehatz baten zer dagoan jakin nahi dauenak, bilatzailea erabilita jakin leike eta egutegia bere horretan deskargau nahi badau, edozein gailutara ekarri, ordenagailura, tabletera edo eskuko telefonora.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu