Gazteentzako aisialdirako programa barria aurkeztu dabe Bilbon

Bizkaie! 2018-02-07 09:33   Kulturea

#Gaztekluba 12 eta 17 urte bitartekoei zuzenduta dago.

Asteburuetako aisialdirako eskaintza barria aurkeztu dau Bilboko Udalak; #Gaztekluba programan 12 eta 17 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dabe. Egitarauan erakunde pribaduek eta publikoek atondutako jarduerak jasoten dira; horreen artean dagoz udal gazteguneak kudeatzen dituanak eta kultura, kirola, musika eta aisialdiko beste batzuk.

Aisialdirako proposamen barri hau gogoeta-prozesu baten osteko emoitzea da eta bertan kirola, kultura eta musika arloetako 300 persona inguruk parte hartu dabe: hezitzaileek, aisialdiko monitoreek, hainbat udal sailetako langile teknikoek eta 12 eta 17 urte bitarteko gazteek. Ganera, uriko nerabeen aisialdiaren ganeko azterketea osotuteko kontuan hartu dira beste uri batzuetako dibertsino-eredu batzuk: Gasteiz, Zaragoza, Valentzia…

Programeak mueta guztietako gustuak asetzeko jarduerak eskainiko ditu. Ekimen batzuk dobakoak eta beste batzuetan kostua sinbolikoa izango da, neska-mutil guztiek ordaintzeko modukoa. Holan, zezeilerako 40 jarduera inguru iragarri ditue: teknologia, sormena, diseinua edo sukaldaritzako tailerrak, kontzertuak, eskia Lunadan, multiabenturea, aratusteetako jaia Bilborocken, irakurketa-kluba, mikrodroneen bilerea, errealidade birtuala, zinemea, youtuberra, Harrapazank-eko programazinoa...

Jarduerak uriko hainbat gunetan egingo dira: gazteguneetako lokaletan, Bilborock Aretoan, udal kiroldegietan, Azkuna Zentroan, aire zabaleko espazioetan eta espazio pribaduetan, adibidez Lasergunen, Harrobian eta Zirkozaurren, besteak beste.

Gazteen aisialdiaren ganeko gogoeta prozesu bat dago #Gazteklubaren atzean. Honetan, 12 eta 17 urte bitarteko personentzako aisialdirako eskaintzari buruzko iradokizunak jaso ditu Udalak.

Ondorio garrantzitsuenen artean nabarmentzen da gehien gustetan jakena lagunekaz egotea dala, jarduerak egiteko edo, beste barik, alkarregaz egoteko. IEsangura horretan, gazteen eskariak denpora librean, batez be asteburuetan, joateko espazioen eskuragarritasunagaz dagoz lotuta.

Modu berean, euren edadeko personakaz lotutako aisialdiko jarduerak eskatzen ditue, interesetan jakezan gauzen ganeko ikasketea sustatzen dabenak eta protagonista sentiduko diran jarduerak eskatzen ditue, ezarritako jardueren jasotzaileak bakarrik ez izateko.

Proponiduten dituen hobekuntzei jagokenez, urian dagoan aisialdirako eskaintzeari buruzko informazinoa jakinarazotea eta argitaratzea eskatzen dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu