Blas de Otero Poesia lehiaketako lan sarituak, liburu bitan

Bizkaie! 2017-11-28 11:57   Kulturea

Beatriz Chiviteren Biennale eta René Fuentesen Guitarra del mesón argitaratu ditue.

Bilboko Udalak, Erein eta Devenir argitaletxeakaz batera, Blas de Otero Bilbo Uria Poesia Lehiaketearen 2016ko edizinoan sarituak izan ziran lanak argitaratu ditu. Beatriz Chivite idazle nafarraren Biennale (Erein) eta René Fuentes egile kubatarraren Guitarra del mesón (Devenir) dira. Liburuki biak salgai dagoz dagoeneko liburu dendetan, eta maileguan hartu daitekez Bilboko Udal Liburutegi Sarean.

Euskerazko saria irabazi eban Biennale poesia liburuari jagokonez, epaimahaiak ekialdeko poesiaren kutsua dauela azpimarratu eban. Jokera bisualean oinarrituta, haikuaren filosofiak bideratu eban bakartasunaren inguruan moldaturiko testua. Poema xumeak eta flash modukoak dira egilearen eskuak erabilten dituanak, eguneroko bizitza arrunta Veneziako arte, kultura eta lanagaz lotuz.

Gaztelaniazko sari nagusia, barriz, Uruguain bizi dan René Fuentes egile kubatarraren Guitarra del mesón lanak jaso eban eta epaimahaiak azpimarratu ebanez, poeteak Latinoamerikako hainbat herrialdetatik egiten dauen bizi-ibilbidea deskribiduten dau; autobiografia politikoa eta poetikoa osotuten daben hainbat paisaje eta ahots dira, hizkuntzea jakituria handiz eta erritmo sen nabarmenez idatzitakoa.

Bilboko Udalak urtero antolatzen dau Blas de Otero Poesia Lehiaketea, eta helburua literatura jarduerea eta talentu barrien agerpena sustatzea da, uriko poetearen memoria eta lana bizirik iraunarazoteaz gan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu