Soinuari eskaini deutso Atxagak 'Erlea' aldizkariaren azken alea

Bizkaie! 2017-11-27 09:59   Kulturea

Sortzaileei be egin deutse tartea 11. zenbakiak.

Erlea aldizkariaren 11. alearen aurkezpena (Argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiak Erlea aldizkari literarioaren hamaikagarren alea aurkeztu dau Euskal Herriari hain lotuta dagoan akordeoi edo soinuari erreparauta eta gurean izan dauen bilakaerea aztertuz, akordeoilari ezagunen eta ez horren ezagunen lekukotzak erabilita: Testigantza sakon eta sentiberak dagoz zenbaki barri honetan, aurreratu dau Atxagak, eta istorio harrigarriak, gure herriaren iraganaren mapea osotuteko ezinbestekoak.

Horretarako, musikari agirikoei bai, baina izkutukoei be erreparau deutse idazle asteasuarrak: Zenbat akordeoi-jole izan dogun Euskal Herrian, gure herrietan baino ez dabenak ospea izan. Horreeri eskaini nahi izan deutsagu hamaikagarren ahalegin hau. Eta hari horretatik tiraka agiri dira Joxan Goikoetxea, Kaxiano, Josu Zabala, Joseba Tapia, Jabier Muguruza edo Ander Telleria gaztearen profilak, baina, euren ondoan, hainbeste sona izan ez eben beste batzuk; Xixilio eta Pedro Arbe Patxoa, adibidez.

Soinu-joleez gan, Erlea-ren hamaikagarren aleak Jean-Louis Davant euskaltzainak Piarres Charritton ohorezko euskaltzainaren ganean idatzitako testu mamitsua irakurteko aukerea be badago, honetan Ipar Euskal Herriko historiaren errepasoa egiten da.

Hasieratik sortzaileei emondako tartea be gorde dau azken Erlea-k. Bertan idatzi dabe, besteak beste, Gotzon Barandiaran, Castillo Suarez, Luigi Anselmi eta Ana Malagonek. Baina Erlea-ren azken alearen kolaboratzaileen zerrendea ez da hor amaitzen, eta zenbaki honetan parte hartu dabe Felix Ibargutxi, Miel A. Elustondo, Idoia Noble, Imanol Pradells, Amagoia Gurrutxaga, Patziku Perurena, Joxe Ramon Arbe, Manolo Martinez, Ramon Irazu, Jone Irazu eta Joseba Luzuriagak. Zenbaki barrian agertzen diran irudiak Juan Sagastizabalenak dira eta betiko legez, Asun Garikano arduratu da edizinoaz.

Andres Urrutia euskaltzainburuak Atxagak egiten dauen ahalegina goraipatu nahi izan dau ale barriaren aurkezpenean, eta aurreratu dauenez, hau ez da izango Erlea-ren azken zenbakia, 2018rako ziztada barri bat prestatzen dabizala esan dau. Gure sortzaileen lana batu eta erakutsi nahi dogu, euskal kulturea jaso eta gizartearen aurrean proiektau, eta horixe da Erleak egiten dauena, adierazo dau Urrutiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu