Musika korala eta instrumentala Bilboko auzoetara helduko da

Bizkaie! 2017-09-29 08:36   Musikea

Urte amaierara bitarteko programazino zabala atondu dau Udalak uriko zortzi barrutietan.

Bilboko Akordeoien Orkestra Sinfonikoak, Udal Musika Bandeak, Txistularien Udal Bandeak eta abesbatzek parte hartuko dabe auzorik auzo mobiduko dan ziklo horretan. Ganera, Gabonetan saio berezia egongo da.

Maiatzean eta bagilean Bilboko auzoetan antolatzen dan Musikauzo eta Bilbao 700 Fundazinoak bultzatzen dauen Auzoz Auzo programen osogarria da urte amaierako egitarau hau. Bilboko Udala ez eze, beste eragile kultural batzuk be badagoz sustatzaileen artean.

Hasteko eta behin, Akordeoien Orkestra Sinfonikoak lau kontzertu eskainiko ditu beste horrenbeste lekutan: Berreginen Museoan, irailaren 29an; Miribillako parrokian ,urriaren 6an; Santutxuko Karmelo eleizan, urriaren 20an; eta, amaitzeko, Azkuna Zentroan, urriaren 27an. Emonaldi honeek guztiak barikuetan izango dira, 20:00etan. Sartzea doban da.

Txistularien Bandakoak eta Udal Musika Eskolakoak, ostera, kalerik kale ibiliko dira auzoak alaitzen. Esate baterako, urriaren 7an, dianea eta kalejirea izango dira San Frantziskon. Biharamunean, handik hur, Fleming doktorearen plazan, BilbaoMusika Big Band ekitaldian parte hartuko dabe. Musika Bandeak Zurbaranen joko dau urriaren 11n eta, hil horren 28an, Arkeologi Museoan izango dira uriko musika irakasleak.

Negua eta Gabonak hurreratu ahala, abesbatzen musikeak hartuko dau Bilbo. Besteak beste, Abesbatzen Gabonetako Kontzertuak zikloa abian jarriko dabe, igaz 2.000 entzule inguru erakarri zituan ekimena. Bestetik, Persona Nagusientzako Abesbatzen XIII. Astea hartuko dau Otxarkoaga auzoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu