Bilboko Berbalagun programearen ikasturte barria abian da

Bizkaie! 2017-09-28 09:51   Euskerea berbagai

Praktikatu eta Bizi lemapean jenteari konbita egin nahi deutsie euskeraz gozau deien.

2017/2018 ikasturteagaz batera, martxan da barriro be Bilboko Berbalagun programea. Urteakaz Euskal Herri osoan ezaguna bihurtu dan ekimenak urian be indarra hartu dau. Igaz 58 talde eta 378 berbalagun ibili ziran euskerea zabaltzen. Aurten, barriz, datu horreek danak gaindituko dituela iragarri dabe antolatzaileek eta parte hartzaileakaz batera jentea animau nahi dabe euskeraz gozau deien, Praktikatu eta Bizi lemapean.

Bost edo sei laguneko taldeak izaten dira Berbalagunekoak eta horreek osotuteko, kontuan hartzen ditue parte-hartzaileen disponibilidadea, edadea eta zaletasunak. Kafetegian, tabernan zein paseoan ibilteko, besteak beste, batu daitekez berbalagunak. Eurek erabagiten dabe non eta noz, beti lagun giroan.

Bilboko auzo guztietan euskerea praktiketako eta biziteko aukerea eskaintzen dau Berbalagun programeak. Horrezaz gan, ekintza osogarriak atontzen ditue urtean zehar, horreetako batzuk dira: txangoak, Mintzodromoak eta kirol-jarduerak.

Izena emotea dobakoa da eta hamaika abantaila eskura daitekez: emonaldietarako txartelak, opariak, deskontuak harpidetzetan (Aizu!, Berria, Argia, Gaztezulo...) eta bestelakoak.

Familientzat, bestalde, Gurasolagun proiektua jarri dabe martxan, euskerearen transmisioa bermatzeko. Ekimen honegaz guraso euskaldunak edota euskeraz ikasten dabizanak beste guraso batzuekaz harremanetan jarri nahi ditue; plazan, parkean, asteburuko txangoetan... Helburua da familia edo lagun giro euskalduna sortzea. Horretarako guraso eta umeakaz berba-taldeak, tailer txikiak, urteerak eta txangoak antolatzen ditue. Gurasolaguna ikastetxeakaz zein ikastetxeetako guraso alkarteakaz alkarlanean martxan jarriko dabe.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu