Miel Anjel Elustondorentzat I. (H)Ilbeltza bekea

Bizkaie! 2017-09-22 08:31   Kulturea

Nobela baltz bat egiteko proiektua aurkeztu dau azpeitiarrak.

Miel Anjel Elustondo, sariagaz (argazkia: Txalaparta) | Ikusi handiago | Argazki originala

Baztanen literatura baltzari eskainitako (H)Ilbeltza jardunaldien gerizpean jaio da izen bereko bekea. Lehenengo deialdira 15 hautagai aurkeztu dira eta, hortaz, antolatzaileak pozik dagoz, horrek esan nahi dauelako badagoala jentea prest euskerazko nobela baltzak idazteko. Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko arduradunak dinoanez, irabazlearenaz gan, aurkeztutakoen artean egon dira itxura oneko proposamen gehiago be.

Danetariko proiektuak aurkeztu dira deialdira, Sotoren arabera: elebarri klasikoak, distopikoak, thriller historikoak eta abar. Batez be, istorioen freskotasuna eta originaltasuna azpimarratu ditu Txalapartakoak. Azkenean, Miel Anjel Elustondoren egitasmoa aukeratu dau epaimahaiak eta, horri esker, Azpeitiko idazle eta kazetariak laguntzinoa jasoko dau aurkeztutako lagina garatu eta hortik nobela osoa sortzeko.

Amagoia Iban epaimahaikidearen arabera, Jim Thompsonen hiru nobela baltz euskeratuta izan ditu lehendik Elustondok, Igela argitaletxeagaz, eta beraz badauka eskarmentua generoan. Bekara bialdu dauen laginean, hildako narratzaile bat agiri da, eta Bill Douglass antropologo amerikarrak aspaldi Euskal Herrira egindako bisitea aitatzen da, haren seme baten bidez.

Pozik hartu dau saria Elustondok, Elizondon egindako ekitaldian. Holan azaldu dau azpeitiarrak bere asmoa: Zer idatzi behar dot. Baztan, nahiko neuke. Elurre Iriarteren literatureak kontetan dauen, kontetan ez dauen Baztan. Joseba, Maitane, Garbiñeren Baztan. Ernesto Prat Urzainkiren Telleria. Telleria eta gero, zer? Telleria eta gero, Aroztegia. Eta Aroztegiagaz batera, Abiadura Handiko Trena, gaur ez bada bihar dozue hemen, edo antzeko makurkeria handiagoren bat. Baina hobe Iruñeko agintari makurrei idea makurrik ez emotea. Aroztegiagaz batera, mutil jantzak, guardia zibil inzibilak, kritikea, ziri eta zirti-zarta. Datorrena datorrela baltza.

Aitziber Zapiain (H)Ilbeltza alkarteko ordezkariak emon deutso irabazlearen ohorezko irudia Elustondori. Bestetik, Joseba Otondo Baztango alkateak gogora ekarri nahi izan dau euren eskualdeak nobela baltzagaz daukan loturea. Jose Antonio Loidik Hamabost egun Urgainen idatzi ebanetik, era horretako istorioetarako leku aproposa topau dabe idazleek Baztanen.

Behin bekea emonda, (H)Ilbeltza jardunaldiak antolatzeari ekingo deutsie. Urtarrilaren 15etik 21era bitartean egingo ditue. Ganera, II. (H)Ilbeltza bekea, datorren urtekoa, itzulpengintzeari eskainiko deutsiela argitu dau Aitziber Zapiainek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu