Kontzertu zikloa, Gernikako bonbardaketea gogoan

Bizkaie! 2017-09-20 10:46   Musikea

Lehenengo emonaldia Gernikan izango da, barikuan.

Gernika, bonbardaketeak txikituta (argazkia: Gernika-Lumoko Bakearen Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Koral Alkarteak Gernikako bonbardaketea gogoratzeko hiru kontzertuko zikloa antolatu dabe. Izan be, aurten 80 urte bete dira aire-eraso haretatik eta, efemeridea aprobetxauta, musikearen bidez pakerako deia egin nahi dabe. Gernikan izango da Bakerako musikea ekimenaren lehenengo emonaldia, Bilbon bigarrena eta Madrilen amaituko dabe, Picassoren Guernica koadroaren alboan.

Orain dala 80 urte gernikarrek, eta euskal herritarrek, jasan eben sufrimenduaren gomuteari bizirik eustea da zikloaren helburua. Musikearen bidez, kontzertu honeek lortu nahi dabe ez daiguzala betiko ahaztu halako jazoerak, azaldu dabe antolatzaileek. Ganera, herritarrak sensibilizau nahi ditue, iraganeko eta gaur egungo gatazken inguruan, ez daitezan ahaztuta geratu eta memoria kolektiboak gogoan izan daizan.

Leku esanguratsuak aukeratu ditue kontzertuetarako, berbarako, barikuan, hilaren 22an, Gernikako Santa Maria eleizan batuko dira hainbat abesbatza, hau da, bonbardaketan suntsitu ez zan uriko eraikin bakarrenetako baten. Gernikako herriaren saminaren eta pakerako gogoaren sinbolo bihurtu da eleizea. Bilboko Koral Alkarteagaz batera, Gaudeamus, Andra Mari eta Seber Altube abesbatzek parte hartuko dabe kontzertuan. Arratsaldeko 20:00etan zabalduko ditue ateak eta nahi daben herritar guztiak sartu ahal izango dira, doban, leku guztiak bete arte.

Bigarren kontzertua Bilboko Guggenheim Museoan izango da, irailaren 28an. Christos Hatzis konpositore greko-kanadiarrak pakeari gorazarre egiteko sortu barri dauen Everlasting Light lanaren Europako aurkezpena izango da.

Amaitzeko, Madrilgo Reina Sofía museoraino helduko da Bakerako musikea. Hain zuzen be, bertan dago Pablo Picassok sortutako Guernica koadro ospetsua, bonbardaketearen irudikapen unibersalena. Madrilgo emonaldian be Christos Hatzisen konposizinoak interpretauko ditue, irailaren 30ean.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu