Mikel Begoña: ‘Irakurleen artean zabaldu behar da komikiakanako zaletasuna’

Ainhoa Lores 2017-09-18 11:11   Barriketan

Gidoilaria eta Euskal komikia 1975-2017 erakusketako komisarioa.

Euskal komikigintzearen erakusketea zabaldu barri dabe Bizkaiko Foru Liburutegiaren Areto Nagusian. Bertan komikiak azken 42 urteetan izan dauen bilakaerea ikusgai dago 35 panelen bidez.

Mikel Begoña erakusketako komisarioa da Kike Infamegaz batera, disziplina honetan ibilbide luzea egin dabe biek. Begoñagaz berba egiteko aukerea izan dogu eta berak emon deuskuz Euskal komikia 1975-2017 erakusketearen ganeko argibide gehiago.

 

1.- Zegaz egingo dau topo publikoak?

Gure komikigintzearen historiaren zati inportante bat azaltzen dauen komiki itzel baten moduko bategaz. Irudiz irudi, binetaz bineta doan erakusketea da. Azken lau hamarkadetan Euskal Herrian egin diran komiki lanen aukeraketa bat egin dogu eta erakusketeak paseo interesgarri bat proponiduten deusku.

 

2.- Zelan osotu dozue erakusketea?

Batez be testuagaz eta irudiakaz eta sorpresatxuren bategaz be osotuta dago.

 

3.- Erakusketeaz gan ze beste jaurduerak osotuten dabe Euskal Komikia 1975-2017?

Alde batetik, erakusketeagaz lotuta dagoan 144 orrialdeko katalogo bat argitaratu dogu. Ikerketa lan handi bat egin dogu liburua osotuteko. Horrezaz gan, urriaren amaierara arte beste jarduera batzuk be egongo dira, besteak beste, berbaldiak, tailerrak eta mahai-inguruak; irailaren 26an, Fernando Tarancon Astiberriko editorea eta Dani Fano Xabiroi aldizkariko zuzendaria aurrez aurre izango dira gaur egungo euskal komikigintzearen egoerea aztertzeko. Neuk be, urriaren 3an, berbaldi bat eskainiko dot, euskal komikigintzearen historia azaltzeko. Bestalde, Komiki tailerrak be izango dira.

 

4.- Zu berez gidoilaria zara, baina mueta honetako erakusketak be atondu dozuz. Euskal Komikian 1975etik orain arteko historia erakutsiko dozue. Aurreko baten 1894 urtea izan zan abiapuntua. Zeren arabera aukeratu dozue, orain, 42 urtetik honako tartea?

Bai, aurretik beste erakusketa bat sortu genduan Parrapean Komiki Egunen jaialdirako, Euskal Binetak. Bitoriano Iraola, euskal komikigintzearen aintzindaria izan zanaren lehen istorio grafikoetatik, H28ko fanzine digitalera arte jasoten eban. 20 panel, eta 120 urteko historia azaltzen zan erakusketa horretan. Orain epe laburrago bat azaltzen dogu, 1975tik gaur arte, eta euskerazko komikiez gan, gazteleraz egindakoak be zaku berean sartu doguz.

 

5.- Euskal komikigintzeak sasoi gozoa bizi dauela dinozue. Egia da irakurleen kopuruak gora egin dauela baina egileak zelako egoeran bizi dira?

Egile kopuruaren aldetik eta kalidadearen ikuspuntutik be, euskal komikigintzea topera dabil. Kontua da Hertzainak-ek aspaldian erabili eban leloa plagiauta, Euskadin komikiak ez dauela dirurik emoten. Edo behintzat oso gitxi. Baina bardin Euskal Herrian eta bardin Espainian, eta bardin beste leku askotan... Zoritxarrez normalena izaten da komikigintzan ibilitako primerako artistak, euren talentua beste lanbide batzuetara bideratzea.

 

6.- Orduan komikiak egitetik bizi danik badago…

Bai, badagoz, kanpoko merkaduetan burubelarri sartuta dagozan egileak dira. Horreek bizi dira ofizio honetatik, Estadu Batuetako merkaduan dabil Angel Unzueta Marvel etxean, adibidez. Mikel Janin barriz, DCn. Juan Luis Landa, Marko edo Iñaki G. Holgado ostera Frantziakoan. Landak marrazten dauen serietariko bat, Arthus Trivium, Frantzian salduenetarikoen artean egon da azken hilebeteetan. Ez da gitxi.  

 

7.- Astiberri editoriala, Xabiroi aldizkaria eta Tmeo dira gaur egun gurean erreferente. Zelan ikusten dozu honeen etorkizuna?

Bai erreferenteak dira, euskal komikigintzearen alorrean. Xabiroik egiten dauen lana azpimarratuko neuke batez be eta Txalapartak egin dauen bidea be ez da makala. Elebarri grafikoaren ildotik doazen puntako lanak argitaratu ditu azken urteetan, Mattinen Zarrakamalda izan da azkena. Eta urte bitik hona gure panoramea irauli dauen beste argitaletxe bat Harriet Ediciones izan da. Album franko-belgiar klasikoaren tankerako hainbat bilduma kaleratu ditu. Nire ustez, euskal komikigintzeak gaur egun dauen apustu handienetako bat, hauxe da, duda barik.

8.- Zelan ikusten dozu euskal komikigintzea urte batzuk barru?

Euskal komikigintzeak historian zehar izan dauen ezaugarrietako bat prekariedadearena izan da, beti. Halandaze, gaur egun ez dot uste aurrekoetan baino larriago gabizenik, urtero euskeraz hamabost bat komiki argitaratzen dira. Kantidade eta kalidadeko eskaintzea egon badago. Orain irakurleen ordua da. Irakurleen artean zabaldu behar da komikiakanako zaletasuna, eta horretan erakundeek lagundu leikie. Askok uste dogu munduan komiki on bat baino gauza hobe gitxi dagoala.  

 

9.- Aurten Zakilixutek eta Ipurbeltzek 40 urte bete ditue, Tmeok, barriz, 30. Honeen hastapenetatik zelan aldatu dira kontuak?

Zakilixutek hile honetan, 29an, 40 urte beteko ditu, bai. Itzelezko markea, Tmeorena legez. Nire ustez, funtsean gauzak ez dira gehiegi aldatu. Olariagaren kasuan egunkarietako lanek egonkortasun bat eskaini deutsie, eta umore grafikoa hainbat kasutan euskal komikiaren babeslekua izan da. Baina bere ibilbide osoan Olariagak ez ditu komiki luze askorik argitaratu. Honeek lan handia eskatzen dabe, gehienetan bueltan etekin gitxi emoteko. Orduko denporetan legez, gaur be, komikigile gehienek edo ilustrazinora edo publizidadera edo beste alor emonkorragoetara joten dabe, normala da.

Bestalde, aldatu egin da, bai, gaur komikiak egilearentzat eskaintzen dauen askatasuna eta irakurlearentzat, barriz, komikien eskaparatea itzel zabaldu da. Ikuspegi artistikotik, komiki edo eleberri grafikoak, edozein gai lantzeko aukerea dago, beste edozein arte muetak daukan zilegitasuna irabazi dau.  

 

10.- Zein dira Euskal Herrian gehien lantzen diran generoak? Memorioa historikoa akaso?

Ez dot uste bereziki gai historikoa lantzen danik. Azken urtean adibidez, Astiberrik edo Txalapartak argitaratutakoen artean beste gai batzuk dira nagusi. Agian album franko-belgiarraren ildotik doazen liburuak, bai, gai historikoa gustukoa izaten dabe. Baina esan dodan legez, asko zabaldu da eskaintza generoen aldetik be bai.  

 

11.- Zelako publikoa da komikiak irakurten dituana?

Danetik dago. Lehen umeen kontua zan batez be, gaur aldiz helduak dira komikiak irakurten dituen gehienak, eta ume eta gazte irakurleen kantidadea jatsi egin dala uste dut. Hori Frantziagaz dagoen aldea da. Han komikiak edozein adinegaz irakurtea gauza naturala da.

 

12.- Eta zergaitik uste dozu jatsi dala ume irakurleen kopurua?

Euskal Herrian eta munduan be bai. 60. hamarkadara arte batez be, komikia umeentzako produktua zala uste zan. Azken hamarkadetan 70etan 80etan balantzea aldatuz joan da. Fanzineak eta elebarri grafikoak publiko helduago baten bila ibili dira beti. Baina umeentzako be, gaur egun komiki ederrak plazaratzen dira. Adibidea Xabiroi eta Harrietek kaleratutako azken lanak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu