Munduko Arrozak, hilaren 16an Getxon

Bizkaie! 2017-09-15 08:06   Kulturea

Ekimenaren asmoa kulturartekotasuna sustatu eta Getxoko pertsonen, taldeen eta eragile sozialen arteko alkarreragina lantzea da.

Herriko hainbat eragilegaz batera Getxoko Munduko Arrozak kulturartekotasun jaia izango da astegoienean. Kalea hartu, batzen gaituena ospatu eta alkarregaz jardun, horrexek dira, besteak beste, gure helburuak. Kuadrillea osotzen gagoz Egizuko kide batzuk eta, beraz, interesa badozu, deitu (644277155) edo idatzi (egizugetxo@gmail.com) eta berba egingo dogu.


Getxoko Munduko Arrozak

Getxoko Munduko Arrozak jai herrikoi eta parte-hartzailea da. Honen bidez kulturartekotasuna sustatu eta Getxoko pertsonen, taldeen eta eragile sozialen arteko alkarreragina lantzea da asmoa, batez be, beste herrialdeetatik heldu diran lagunak kontuan izanik. Jai-egunean, besteak beste, umeentzako jolasak, musika emonaldiak, aldarrikapen-kalejirea, eta ekintza nagusia: arroza osogai nagusi izango dauen herri-bazkaria (parte hartuko dauen talde bakotxak kozinauko dauena). Herrian bertan batzeko jaia da, espazioa eta bizipenak konpartiduteko eta alkar hobeto ezagutzeko.

Jarduera hau Getxon, lehenengoz, irailaren 16an izango da Algortako San Nikolas eta Biotz Alai plazetan, baina hamar urte baino gehiagoko ibilbidea dauka hurreko herri eta auzo honeetan: Bilbo, Gernika, Durango, Otxarkoaga, Gasteiz, Donostia...

2004an jaio zan Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan, mundu guztiarentzako lekua dagoan jai honen erantzun onaren gakoak aniztasuna eta giro ona dira, jarrera bortitz, xenofobo, sexista edota homofoborik ez dogu onartuko bertan.


Erakunde antolatzaileak

Adrebol, Antirrumores/Zurrumurrurik ez Getxo, Argia Fundazinoa, Amesten, Berdintasuna, Bidea Eginez, Bilgune Feministea, Caritas, Egizu, Emaús, Eskubeltz, Federación Plataforma Inmigrantes de Getxo, Mujeres con Voz, Ongi Etorri Errefuxiatuak Getxo, Pro Bolivia, SIKAP Filipinas, Sortarazi eta Tosu Betirako.


Egitaraua: Algortako San Nikolas plazan

9:00 Hasierea.
11:00 Umeentzako jolasak.
11:00 Egur taila tailerra (Egizuko kideen eskutik).
12:30 Kalejirea.
13:15 Egitarau kulturala eta musikala.
14:30 Arrozen txapelketea.
15:00 Bazkaria.
16:30 Egitarau kulturala eta musikala.
19:30 Amaierea.

Informazino gehiago: mundukoarrozak.info/getxo/

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu