‘Euskal komikia 1975-2017’ erakusketea zabalik Bilbon

Bizkaie! 2017-09-14 10:59

Azken 42 urteotan gure komikigintzeak izan dauen ibilbidea ikusgai egongo da urriaren 28ra arte.

Irudiz irudi, binetaz bineta euskal komikigintzearen historiaren zati inportante bat ikusi daiteke Bilboko Bizkaiko Foru Liburutegian, izan be, Euskal Herrian egin diran komiki lanen aukeraketa bat egin dabe arduradunek. Erakusketan batez be testuak eta irudiak dagoz ikusgai 35 paneletan. Bitrinetan, barriz, jatorrizko argitalpenak jarri ditue. Personaia adierazgarrien elementu grafikoak be topau daitekez, batzuk eskala errealean.

Erakusketaz gan, beste jarduera batzuk be antolatu ditue, horreen artean dagoz: berbaldiak, tailerrak eta mahai-inguruak; irailaren 26an, adibidez, Fernando Tarancon Astiberriko editorea eta Dani Fano Xabiroi aldizkariko zuzendaria aurrez aurre izango dira gaur egungo euskal komikigintzearen egoerea aztertzeko.

Mikel Begoña da erakusketa honetako komisarioa eta berak be berbaldi bat eskainiko dau urriaren 3an, euskal komikigintzearen historia azaltzeko. Bestalde, Komiki tailerrak be izango dira.

Euskal komikia 1975-2017 urriaren 28ra arte egongo da ikusgai Bizkaiko Foru Liburutegian, astelehenetik barikura goizez eta arrastiz. Zapatuetan, barriz, goizez bakarrik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu