Gaur hasiko da 29. Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketea

Bizkaie! 2017-09-14 09:44   Musikea

Kontzertuak eguen eta barikuetan egingo ditue urriaren 26ra arte. Finalera heltzen diran taldeak zemendian lehiatuko dira.

Argazkia: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketearen 29. edizinoa martxan da jada. Udalak gaur hasita eta urriaren 26ra arte izango diran kontzertuak aurkeztu ditu; honeek eguen eta barikuetan egingo dira Bilborocken. Danetara 34 saio izango dira, gaueko 20:00etatik aurrera eta sarrerea dobakoa izango da.

Udalak aitatu dauenez, urian urtero egiten dan ekimen hau erreferente bat da Europako musikearen panoraman gaur egun. 18 urtetik 35ra bitarteko gazteez osotutako taldeei zuzenduta dago, euren lana bultzatu eta zabaltzeko helburuagaz. Ganera, talde honeek nazinoarteko beste talde batzuekaz egoteko aukerea izango dabe.

Epaimahaia hainbat musika adituk osotu dabe, eta orain, horreen ardurea izango da sailkapen-fase honetan zuzenean joko daben 34 taldeak aukeratzea. Edizino honetan, 486 taldek emon dabe izena.

Finalista diranetatik hiru aukeratuko ditue pop-rock kategoriarako, eta beste hiru metalerako. Honeek zemendian egingo dituen finaletan joko dabe. Elektronikoa eta beste estilo batzuetako kategoriaren barruan, zuzenean finalerako aukeratutako beste lau taldek be joko dabe.

Euskal Herriko taldeez gan, Espania eta Frantziakoek be parte hartuko dabe lehiaketean.

Bestalde, aurten barrikuntza bat dago lehiaketan eta rock munduan emakumearen presentzia goraipatu nahi izan dabe antolatzaileek, horretarako Rock & Roses argazki-erakusketea be egingo dabe Bilborocken bertan eta lehiaketeak irauten dauen bitartean egongo da ikusgai, irailaren 14tik urriaren 17era, hain zuzen be.

Bilboko Udalak bilbaogazte.bilbao.eus webgunea jarri dau zaleen eskura. Lehiaketearen ganeko informazinoa konsultau ahal izateko. Honetan be finalak streaming bidez ikusi ahal izango dira.

Sailkapen-kontzertuak eta finalak egun honeetan egingo dira, parte-hartzaile bakotxaren musika-estiloaren arabera banatuta:

Pop-Rocka

  • Iraila: 14, 15, 21 eta 28
  • Urria: 5, 12, 19 eta 26
  • Zemendia: 11 (finala)


Metala

  • Iraila: 22 eta 29
  • Urria: 6, 13 eta 20
  • Zemendia: 10 (finala)


Elektronikoa eta beste estilo batzuk

  • Finala, Zemendiaren 9an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu