52. Durangoko Azokan parte hartzeko epea zabaldu dabe

Bizkaie! 2017-09-12 12:39   Kulturea

Irailaren 30era arte egongo da eskaria egiteko aukerea.

Kulturearen plazan parte hartu nahi daben argitaletxe, diskoetxe, produkzino-etxe, alkarte, erakunde, banatzaile eta autoproduktoreek www.durangokoazoka.eus atarian egin ahal izango dabe eskaria, irailaren 30era bitartean. Aurtengo edizinoa abenduaren 6tik 10era izango da; hirugarren urtez jarraian, bost eguneko azokea izango da.

Durangoko Azokan parte hartu nahi dabenek hainbat aukera izango ditue: erakusmahai osoa, erdia edo auto-produktoreen gunea.

Eskaerea online egin behar da azokearen webgunean. Aurretik parte hartu dabenek beren erabiltzaile izenagaz egin beharko dabe. Lehenengoz Azokara datozenek, barriz, euren burua erregistrau beharko dabe eta horren ostean stand muetea aukeratu.

Auto-produktoreen guneari jagokonez, behin izen-emotea amaituta, eremua zelan konpartidu adosteko bilera bat antolatuko da (espazioaren dekorazinoa, txandak…).

Holan, Gerediaga Alkarteak eskualdeko sortzaile, alkarte eta erakundeei ezelako kosturik barik Durangoko Azokan beren produktuak erakusgai eta salgai jarteko aukerea emoten deutse. Produktu guztiak Durangaldeko argitalpenak izenagaz erakutsiko ditue eta izena emoteko alkartera jo behar da.

Sortzaileek urriaren 4tik aurrera emon ahal izango dabe izena gune desbardinetan, beren lanak Azokan zuzenean aurkezteko.

Gerediagakoek jakinarazo dabenez, aurten Ikasle Eguna ez da Azokako lehenengo egunean izango. Bigarren egunean baino, abenduaren 7an, eta ikastetxeetako ikasleek lehentasuna izango dabe tailer horreetan parte hartzeko. Irailaren 19an zabalduko da epea ikastetxeentzat, eta horren ostean epea luzatuko da aisialdi taldeetako parte-hartzaileentzat.

Boluntarioek urrian emon beharko dabe izena. Informazino gehiago prentsa@durangokoazoka.eus  helbidera idatzita edo  687 245 352 telefonora deituta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu