43 bertsolari eta 14 saio, 2017ko Txapelketa Nagusian

Bizkaie! 2017-09-12 12:32   Bertsolaritzea

Aurten lehenengoz Euskal Herriko zazpi lurraldeetan egongo da kanporaketaren bat.

Bertsolaritzearen txapelketa handienaren 17. edizinoa hastear da eta abendura bitartean jokatuko diran 14 saioen, parte-hartzaileen eta antolakuntzearen inguruko detaile guztiak emoteko agerraldia egin dau Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak Bilbon. Iñaki Murua alkarteko lehendakaria eta Jokin Castaños antolatzailea buru, herrialde bakotxeko ordezkariek be parte hartu dabe ekitaldian.

Lurralde aldetik behinik behin, aurtengoa sekula baino txapelketa zabalagoa izango da. Historian lehenengo aldiz, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan jokatuko dira saioak, hau da, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin, Nafarroa Garaian, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Aurreko edizinoetan beti faltau izan da herrialderen bat. Ez da kontu sinbolikoa bakarrik, modu batera edo bestera bertsolaritzea presente dago euskal lurralde guztietan, azpimarratu dau Jokin Castañosek.

Hiru fasetan banatuko dabe txapelketea, aurreko urteetako formatuari eutsita. Lehenik eta behin, final laurenak jokatuko dira, irailaren 23an Baigorrin hasita. Fase horretan 36 bertsolarik parte hartuko dabe eta saio bakotxeko irabazleek aurrera egingo dabe, baita puntuazinorik altuenen artean dagozan beste batzuek be. Finalaurrekoetan 2013ko finalistak sartuko dira eta itzuli bitan jokatuko da. Itzuli bietako puntuak batuta, zazpi onenak pasauko dira Barakaldoko BEC erakustazokako finalera. Amets Arzallus txapelduna izango dabe zain abenduaren 17ko hitzordu horretan. Baigorritik Barakaldora, 14 saio izango ditu Txapelketa Nagusiak.

Guztira, 43 bertsolarik emon dabe izena. Aurreko edizinoko finalaren ostean iragarri eban legez, Unai Iturriagak ez dau parte hartuko, finalista izateagaitik finalaurreetan hasteko eskubidea izan dauen arren. Ganerakoen artean, Iñaki Gurrutxagak uko egin deutso eta Felix Zubiak hartuko dau haren lekua final laurenetan. Bertsolarien bataz besteko edadea 34 urte da eta parte-hartzailerik gazteena Nerea Ibarzabal da (23 urte), zaharrena Asier Otamendi (46).

Kanporaketetarako sarrerak salgai dagoz gaurtik Bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Alkarteko bazkideek lehentasuna izango dabe finalaurrekoetako eta finaleko sarrerak erosteko, prezio merkeagoa izateaz gan. Beti jagoten doguz bazkideak, aurten sarreren salmentan jagon nahi izan doguz, batez be, azaldu dau Castañosek.

Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Alkarteko ordezkariak adierazo dauenez, Txapelketa Nagusia ez da lau urtean behin antolatzen dan ekintza isolatua, Euskal Herriko bertsolaritzea bultzatzen gabizan eragileen ahaleginaren ondorioa da. Egunez egun eta urterik urte bertsolaritzea zabaltzeko antolatzen dan guztia eta parte hartzen daben persona guztiak gogoan izan ditu Rekondok. Izan be, urtero ehundazak saio antolatzen dira, txikiak eta handiak, hezkuntza arautuan 20.000 umek ikasten dabe bertsolaritzea eta bertso eskolek be kide piloa ditue. Mobimentu bizi eta dinamiko baten parte da txapelketea.

Iñaki Muruak ganeratu dau pozik dagozala, euskal kulturan pisua dauen egitasmoa antolatzen dabelako. Lankuk diseinau dau aurtengo irudia, kolore zuri eta horian oinarritua. Hain zuzen be, bertsolaritzea bera erdigunean jarri nahi dabelako sortu dabe irudi sinple bat. Txapelketako sintonia, ostera, Paxkal Irigoienek egin dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa