III. Hitzaren Dantza jaia izango da domekan Getxon

Bizkaie! 2017-09-12 11:36   Kulturea

Algortako Bertsolari Eskoleak bertsoa, jantzea eta herri musikea batzen dituan ekitaldia atondu dau.

Jantzari, soinujole, txistulari, panderojole, txalapartari, abeslari, joaldun eta euskaltzaleak izango dira datorren domekan Algortako kaleak eta plazak alaitzeko ardurea hartuko dabenak. Goizeko 11:00etan hasiko da aurrekaririk bako alkartasun jai hau.

Ekimena orain dala urte bi sortu zan, Algortako Bertsolari Eskolearen 35. urteurrenagaz bat eginez, aurtengoa beraz, hirugarren edizinoa dogu. Antolatzaileek dinoenez, ibilbide labur honetan ikaragarrizko progresinoa egon da, bai kantidadean eta bai kalidadean be.

Aurten, aurreko urte bietako formatuari eutsi nahi izan deutsie: goizean kalejirea eta zazpi geldialdi, danak gune desbardinetan. Igazko aldean, Portu Zaharra be gehitu dabe, Getxoko auzo garrantzitsua ez eze, oso auzo dinamikoa eta euskaltzalea dalako, azaldu dabe antolatzaileek. Berangoko Simon Otxandategiko joaldunak be izango dira Getxon euren dulun-dulun ozenakaz herria girotzen.

Nobedadeak be izango dira aurten, igazko partaide guztiak batu ez eze, UKtest-eko txalapartariak, Itxas-Argiako abeslariak eta San Nikolas ikastolako soinulariak be egongo dira jaian. Bazkaria San Nikolas plazako frontoian izango da, horretarako 200 lagunentzako tokia atondu dabe. Bazkalostean txalapartea eta Jone Uria, Oihana Iguaran eta Xabi Paya bertsolarien txandea izango da. Arrastiko 18:00etan eta egitarauagaz amaitzeko, Garilak 26 taldea oholtzara igongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu