'Haurgune' eta 'Kidegune' umeentzako programeak martxan jarriko ditue Bilbon

Bizkaie! 2017-09-12 10:50

Bihar arte egongo da ikasturte barrirako plaza bat eskatzeko aukerea. Bertan, 5 eta 11 urte bitarteko txikitxuek parte hartu ahal izango dabe.

Programa bi jarri ditu martxan Bilboko Udalak umeen aisia bultzatzeko: Alde batetik 'Haurgune', urian erroldatuta dagozan 5 eta 8 urte bitarteko gaztetxuei zuzenduta. Astelehenetik eguenera bitartean egingo da honakoa, arrastiko 17:30etik 19:30ra. Guztira hamabi plaza bete beharko dira zentro eta egun bakotxean.

'Kidegune', barriz, Bilbon erroldatuta dauden 9 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzat antolatu dabe. Programa honetan, ordutegia 17:30etik 19:30era artekoa izango da bariku eta zapatuetan, eta 15 plaza eskaini ditue zentro bakotxean.

Ekimen bi honeekaz parte-hartzaileek aukerea izango dabe lagun barriak egiteko, bizikidetzarako trebetasunak eskuratzeko eta eskolatik urtetean edo asteburuetan aisialdiaz gozetakoo.

Haurguneak eta Kideguneak Begoña, Irala, Otxarkoaga, Deustu, Zorrotza eta Castañosko udaltegietan eta Zazpikaleetako lokal batean izango dira.

Jardueretako gaiei jagokenez, ikasturte guztietan aldatzen ditue, eta aurten Smart Citizens: Bilbo adimenduna eregiz goiburupean egingo dira.

'Haurgune' eta 'Kidegune' programetan parte hartzeko zozketa publikoa irailaren 14an, eguenean, egingo da, 10:00etan, Bilboko Udalaren Gazteria eta Kirol Sailaren bulegoetan.

Zozketea egin eta hurrengo egunean, barikuan, kontsultau ahal izango da emoitzea webgunean edo 944010010 telefonora deituta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu