Badator Art After Dark The Hacker, Undo eta DJV Sound-egaz

Bizkaie! 2017-09-12 08:30   Musikea

Musikea eta artea buztartuz, datorren irailaren 22an, barikuan, barriro be musika elektronikoko saioak hasiko dira Museoko Atrioan.

Saioak 2008. urtean abiarazo zituan Bilboko Guggenheim Museoak eta ordutik artea eta musikea maite dabenen artean izandako erantzun ederra tarteko, urtero antolatu dira. Orain hurreratuko diranak Frantzian jarraitzaile ugari dituan The Hacker DJ-agaz, Bartzelonatik datorren Undo eta Bilboko DJ aitzindarietako bat dan DJV Sound-egaz jantzan egin ahal izango dabe.

The Hacker goitizenaz ezaguna dan Michel Amato produktoreak 1990eko hamarkadatik jarraitzaile asko ditu laurogeiko hamarkadako doinuen eragineko musika elektronikoari esker: Depeche Mode, New Order, Giorgio Moroder, Cabaret Voltaire, Front 242 edo Kraftwerk ditu inspirazino-iturri. Abangoardiako tekno zalea dogu DJ aitzindari hau. Hamaika single argitaratu zituan Sativae, White Noise, Tsuba, Infiné, Correspondant eta Tigersushi lako diskoetxeetan, 2011. urtean Zone etxe propioa sortu eban arte. 2014an, Love/Kraft albuma argitaratu eta 2015ean demo galduen EP barria atera eban Miss Kittin-egaz batera. 2016 urte emonkorra izan zan: maxi-single bat kaleratu eban Cititrax-egaz eta beste bi Dark Entries-egaz; hainbat remix argitaratu ditu eta lankidetzan ibili da Luke Eargoggle eta DJ Overdosegaz. Orain, barriz, zuzeneko proiektuan haren sustraietara bueltau da % 100 analogikoa dan set batean, new wave iluna eta tekno indartsua buztartuz.

Undo (Gabriel Berlanga) milurteko barriagaz hasi zan DJ lanetan eta ordutik Bartzelonako jokera elektronikoa eta artista kataluniar honen ibilbidea bat dira. Orain 15 urte sortutako Factor City diskoetxearen estudioan grabauta kaleratu eban hirugarren LPa, Disconnect, haren lan handienetakoa, 2016. urte amaieran urteko album onenen zerrendetan sailkatu ebena. The Loft (Razzmatazz) aretoan egoiliar moduan egin dauen ibilaldia luzea, egonkorra eta energiaz beterikoa izan da. Bestetik, haren saioak antolatzerakoan erabilten dituan estilo eta genero anitzak oso egokiak dira Moog aretoan bi hilebetean behin egiten dituan saioetarako. Europa osoko jaialdi eta clubetara egin dituan bidaiakaz esperientzia handia hartu dau, musika elektronikoak munduan dauen indarraren erdian. Undoren track eta remixak Correspondant, My Favorite Robot, Beachcoma edo Areal Records diskoetxeetan be topau daitekez. Undoren proposamen sendo eta ezohikoak genero eta hamarkada anitzetako onena arakatzen dau. Haren errepertorioak pop-aren influentziak, musikearen ezagutza sakona, acid edo elektroa lako estilo desbardinak bat egiteko gaitasuna eta teknoak moldatutako gustua buztartzen ditu eta aurrera egiteko prest dago pista klasikoetatik
barrikuntzaz betetako orainaldira.

Jarraian, denporaldi barriari hasierea emoteko Bilboko musika elektronikoaren giroko aitzindaria igoko da
eszenatokira: José Vicente López, DJV Sound, goitizenagaz 1978tik dabilen DJ eta eragilea. Haren ibilbidearen hasieran José Luis Rebollogaz batera (Madelman) urteetan konpartidu eban kabinea Palladium-en, uriko lehenengo zuzeneko saio elektronikoak egiten ziran lekuan. 1998. urtean, Javi Francogaz batera NoDaTa taldea sortu eban, Bilbon aurrekaririk ez eban kolektiboa, bertako aretoetan musikegaz eta arteagaz zerikusia eben saioak antolatzeko asmoagaz. NoDaTari esker artista ezagunen saioak —John Acquaviva, Ian Pooley, Märtini Brös, Tiefschwarz, Chris Duckenfield edo Sideral— entzun ziran Bilbon. DJV Soundek jentearen erantzun handiagaz zarratu eban 2001eko Sónar jaialdia eta ordutik hainbat jaialditan beharrean ibilia da: Sun Dance Festival 2002 (Tallin, Estonia), FIB Benicàssim 2003 eta Electrogaia 2001 eta 2003 (Donostia). 2005etik Fever clubaren buru da Bilbon eta handik uriko bizitza soziokulturala astintzen dau. Horrezaz gan, Europa eta mundu zabalean eskaintzen ditu zuzenekoak: Der Machine (Lovaina), Razzmatazz (Bartzelona), GOA (Madril), Barraca (Valentzia), Electromind Festival (Montpellier), Catwalk (Róterdam), Weekend (Berlín), Rote Sonne y Palais (Munich), Lazarus (Brusela), Flex eta Pratersauna (Viena) eta Docs DF (Mexiko).

Art After Dark saioa ohiko ordutegian izango da, 22:00etatik 01:00era, Bill Viola: atzera begirakoa, Georg Baselitz. Heroiak eta Guggenheim Bilbao Museoko Maisulanak erakusketak izango dira ikusgai; era berean, Ken Jacobs artistaren Gonbidatuak (The Guests, 2013) bideoinstalazinoa be hortxe dago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa