Udal liburutegi guztiek egin dabe bat Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareagaz

Bizkaie! 2017-09-08 13:06   Kulturea

Kanpoan egon dan azkena, Santurtzikoa, udagoienean sartuko da.

Santurtziko udal liburutegia udagoienean sartuko da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean eta, ondorioz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udal liburutegi guztiak izango dira erregistro horretan. Santurtziko ekarpenari esker, sareak 204 liburutegi izango ditu guztira, gehienak udaletakoak. Sareak 1.066.124 bibliografia-erregistroko katalogoa dauka eta 925.936 erabiltzaile ditu izena emonda; guzti-guztiek eLiburutegira sartzeko aukerea dabe, ganera.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzapean dagoan Liburutegien Zerbitzuak 2004an sortu eban Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, erkidegoko liburutegi publikoak batzeko eta sinergiak bultzatzeko asmoz. Udal liburutegiei jagokenez, Santurtzi sartzean zarratu egingo da orain 13 urte hasitako prozesua. Ezkerraldeko udalerria tramite teknikoetan dabil, udagoienean sarearen parte izateko.

Gaur egungo 1.066.124 bibliografia-erregistroei beste 10.000 barri gehituko jakoz Santurtziko liburutegia sartzen danean, zehatz esanda, Santurtzikoa sareko 204. liburutegia izango da baina, guztira, 293 sukursal izango dira, udalerriek udal-liburutegi bakarra baina sukursal bat baino gehiago izan leikiezelako. Liburutegi horreetako gehienak udalenak dira, holan banatuta: 28 Araban, 88 Bizkaian eta 77 Gipuzkoan.

Horrezaz gan, beste 11 liburutegi dagoz Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean: Eusko Jaurlaritzearena, Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma eta abar.

Sarean parte-hartzeak hainbat abantaila ekarten deutsez udalerriei. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak liburutegi horreei aukerea emoten deutse hiru diru-laguntzino arlotara joteko (funtsak erosteko, teknologia barrietarako eta irakurketea sustatzeko jarduerak bultzatzeko).

Era berean, sarean dagozan liburutegi guztietako langileek parte hartzeko prestakuntza-programak antolatzen ditue eta, ganera, laguntza teknikoa eta mantentze-lanak Eusko Jaurlaritzearen ardurapean dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu