Ohorezko Oscar saria, Donald Sutherland eta Agnès Vardarentzat

Bizkaie! 2017-09-07 10:18   Zinemea

Charles Burnett eta Owen Roizman be omenduko ditu Amerikako Zinemagintzearen Akademiak.

Agnès Vardaren gaztetako argazkia | Ikusi handiago | Argazki originala

Los Angelesen Oscar sari ospetsuak banatzeko ia urte erdi falta dan arren, lehenengo sarituen barri zabaldu dau dagoeneko Akademiak. Lau Ohorezko Oscar emongo ditue hurrengo edizinoan, tartean Donald Sutherland aktore amerikarrak jasoko dauena. Sutherlandek sekula ez dau Oscar saririk irabazi eta izendapenik be ez dau euki; halandabe, azken hamarkadetako aktorerik esanguratsuenetako bat izan da Estadu Batuetan, batez be 1970eko hamarkadan.

Gaur egun, 82 urte ditu Sutherlandek; M.A.S.H. eta Klute lanei esker lortu eban munduan ezagun bihurtzea orain dala 40 urte baino gehiago eta ondoren ospe handiko zuzendarien aginduetara ibili zan, esaterako Bertolucciren film batzuetan. 140 pelikulatan parte hartu dau eta oraindino ez dau erretiroa hartu. Hain zuzen, egunotan dabil The Leisure Seeker (Ella & John) aurkezten.

Beste omenduetako bat Agnès Varda zinemagile belgiarra izango da. 1960ko hamarkadan Europako ikus-entzunezkoak astindu zituan Nouvelle Vague mobimentuko kidea izan zan Varda, sasoi haretako emakumezko zuzendari bakarrenetako bat, ganera. 89 urte dituan arren, Visages villages dokumentala aurkeztu barri dau.

Charles Burnett zuzendaria, ostera, zinema independentean nabarmendu da eta Owen Roizman argazki zuzendaria bost aldiz izentau dabe Oscar saria irabazteko, bere alorrean. Honeek biek be Ohorezko Oscarra jasoko dabe, Sutherland eta Vardagaz batera. Lau sarituokaz, zinemagintzearen industriako aniztasuna agertu nahi dabela adierazo dau Hollywoodeko Akademiak.

Martiko gala ospetsuan barik, beste ekitaldi baten emongo deutsie Ohorezko Oscarra aurtengo lau omenduei. Zemendiaren 11n izango da hori, argazkilari eta kamera bako jai pribadu baten. Dana dala, 2018ko martiaren 4ko sari-banaketa nagusira be konbidau ditue laurak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu