Euskal musikagintzea nazinoarteko lau topaketatan izango da

Bizkaie! 2017-09-06 12:40   Musikea

Basque Music plataformearen eskutik, Vicen, Sevillan, Katowicen eta Barakaldon egongo da ordezkaritzea.

Niña Coyote eta Chico Tornado Sevillako Monkey Week topaketan izango dira. | Ikusi handiago | Argazki originala

Udagoieneko jaialdi eta azoketan euskal talde eta artista ugarik euren barri emongo dabe, Basque Music plataformearen eskutik. Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskadiko Soinuak programeak bultzatutako plataformea da Basque Music. Euskal musikea Euskal Herritik kanpo zabaltzen laguntzea da Basque Music ekimenaren helburua eta azpiegituraz arduratzen da gehienbat: standak jarri, materialak editau, sustapena eta abar.

Hurrengo hile bietan nazinoarteko lau hitzordu dagoz euskal musikagintzearen agendan: Mercat de la Música Viva, Monkey Week, Womex eta Bime. Lehenengoa, Mercat de la Música Viva, Kataluniako Vic herrian egingo da, irailaren 13tik 17ra. Bertako eragileei EH Sona jaialdia aurkeztuko deutsie eta Ekizak joko dau.

Urriaren 9tik 14ra, Sevillako Monkey Week-en, Basque Musicek hiru talde aurkeztuko ditu: Willis Drummond, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Tooth. Hirurak talde ezagunak dira Euskal Herriko rock panoraman eta euren zuzeneko emonaldi indartsuak publiko barri baten aurrean aurkezteko aukerea izango dabe. 

Urriaren 25etik 29ra bitartean, Poloniako Katowice urian, Womex musika jaialdiaren beste edizino bat egingo dabe. Womex Off atalean, besteak beste, euskal musika herrikoiaren figurarik garrantzitsuenetako batek parte hartuko dau, Juan Mari Beltranek hain zuzen.

Amaitzeko, hil horren amaieran, BIME jaialdian Melenas eta Los Brazos taldeen emonaldiak egongo dira. Ganera, euskal profesionalei zuzendutako speedmeetings saioa antolatuko dabe BIME-pro atalean, kanpoko eragileei euren katalogoaren barri emateko helburuagaz. Barakaldoko BEC erakustazokan egiten da urtero BIME.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu