XII. Folkez Blai Ermuan

Bizkaie! 2017-09-06 10:03   Musikea

Irailaren 7tik 10era bitartean, bertoko eta kanpoko hainbat taldek parte hartuko dabe.

Musika herrikoia eta tradizionala lantzen daben taldeen topaleku ez eze, lehiaketea be bada Folkez Blai jaialdia. Ermuko Udalak eta herriko alkarteek antolatzen dabe urtero eta helburu nagusi bi dituala azaldu dabe: Batetik, folk musikea zuztar-zuztarretatik bultzatzea eta, bestetik, modalidade hori jorratzen daben alkarteen erakusleiho izatea.

Aurtengo lehiaketan sei taldek parte hartuko dabe; halandabe, lehiaketeari ekin aurretik, Ermuko kaleak girotuko ditue irailaren 7an, eguenean. Foulareda taldeko gaiteroen eta Alboka Musika Eskolako akordeoilarien musikea lagun, Gaita Poteoa egingo dabe iluntzean. Alkarte biok Ermukoak dira.

Biharamunean, hilaren 8an, lehiaketako lehenengo parte-hartzaileen txandea izango da; Gipuzkoako talde bi izango dira, Ghost Number & His Tipsy Gipsies (18:30ean) eta Tik Tara (19:45ean). Talde konbidadua, barriz,  Valladolideko Fetén Fetén izango da.

Irailaren 9an, ostera, Pontevedrako Obal taldeak joko dau lehenengo txandan eta Valentziako Innerlands-ek bigarrenean. Konbidadua, Doolin, Frantziatik etorriko da. Amaitzeko, 10ean, eguerdiko 12:30ean, Madrilgo Bruna Sonora egongo da Ermuan, igazko Folkez Blai irabazi eban taldea. Lehiaketeari jagokonez, azken egunean, Huescako Mosicaires bandeak 18:30ean joko dau eta egitaraua Coruñako Andrés Penaband Band-ek zarratuko dau, 19:45ean.

Epaimahaiak sari bi emongo ditu: Irabazlearentzat 3.000 euro eta bigarrenarentzat, 1.500. Era berean, Ermura etorteko gastuak pagetan lagunduko deutsie antolatzaileek talde guztiei. Orbe kardinalaren plazan izango dira emonaldiak, doban, eta ganera, asteburu guztian musika tresnen tailerrak eta jam session-ak egongo dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa