Bilbo finalistetako bat da Europako 2018ko uririk onenaren sarirako

Bizkaie! 2017-09-05 12:25   Kulturea

The Academy of Urbanism erakundeak aukeratu dau Ljubljana eta Viena uriakaz batera. Zemendiaren 8an Londresen jakinarazoko dabe irabazlea.

The Academy of Urbanism erakundeko ordezkariak Bilboko Udalean | Ikusi handiago | Argazki originala

Egun bi emongo ditue The Academy of Urbanism erakundeko ordezkariek Bilbon. Euren asmoa uria ebaluatzea izango da, Bilbok Europako 2018ko Uririk Onenaren saria merezidu dauen erabagiteko. Horretarako urigintza arloko gaiak kontutan hartu eta bertako ingurumena eta gizartea aztertuko ditue.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak harrerea egin deutse ordezkariei, gaur goizean, udaletxean eta azaldu deutse zelakoa izan dan uriaren azken hamarkadetako eboluzinoa, erabarritzea eta Bilbok dauen jokerea bizikidetzearen, barrikuntzearen, teknologiaren eta irisgarritasunaren alde. Uriaren eraldaketa urbanoaren prozesua be aitatu dau Aburtok eta orain beste pausu bat emon gura dauela ganeratu dau: gizartearen balioak konpartiduta Bilbo eregi nahi dogu.

Aburtogaz goizean izandako hitzorduaz gan, ordezkariak hainbat erakundetako teknikariakaz eta arduradunakaz batuko dira eta uriak eskaintzen dauena ezagutuko dabe.

Honako gai honeek dira epaimahaiak kontuan hartuko dituanak: azpiegiturak, zerbitzu urbanoak, mapa politikoa, kulturea, bizimoduaren eta ongizatearen kalidadea, jasangarritasuna, ingurumena, konektibidadea eta merkataritzearen arrakastea eta bere bideragarritasuna.

Bilbo finalistetako bat da edizino honetan, Ljubljana (Eslovenia) eta Viena (Austria) uriakaz batera eta zemendiaren 8an Londresen jakinarazoko dabe irabazlea.

The Academy of Urbanism irabazi asmorik bako erakundea da, independentea politika mailan, Erresuma Batuko eta Europako uriak kontuan hartzeko ekimenak bultzatzen ditu, urigintza arloko jarduera onak identifiketako eta sustatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu