Umeentzako esperimentu-liburua argitaratu dau Elhuyarrek

Bizkaie! 2017-09-05 10:40   Kulturea

Jakinmina biztuteko jarduera erraz eta dibertigarriak batu ditue, euskeraz.

Liburuan agertzen dan argazki bat (Elhuyar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Elhuyarrek azaldu dauenez, esperimentu liburu hau 4 eta 8 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago. Jakinmina biztuteko aproposak diran hainbat jarduera dibertigarri dakarz, umeek ondo pasau daien. Baina liburu hau ez da denpora-pasa hutsa, argitaratzaileek ohartarazo dabenez: guraso eta irakasleak gidatu egiten ditu umeek pentsakera zientifikoa garatu daien, Elhuyarren arabera.

Bizitza errealeko esperientzien bidez, ume txikiak be kapaz dira esperimentuak diseinau, egindako aurrerapena dokumentau eta ikasitakoaren barri emoteko. Horregaz lotuta, hainbat jarduera erraz eta dibertigarri batu ditue liburuan, umeei gauzak topau eta aztertzeko sena biztuteko.

Liburuko ehun jarduera praktikoak zortzi ataletan banatu ditue: Landarak eta haziak; Ura eta izotza; Lizuna, bakterioak eta onddoak; Injinerutzea; Janaria eta gozokiak; Bikarbonatoa eta ozpina; Ingurumen zentziak; eta Bizidunak.

Kapitulu bakotxaren hasikeran, jarduerarako beharrezkoak diran gaitasunak edo teknikak aitatzen dira, baita kapitulu horretan beharko dan guztiaren zerrendea be. Esperimentu bakotxa azalpen, marrazki zein argazkiz horniduta dator. Liburuaren aurkibidea eta esperimentu guztien zerrendea, hemen.

Ume jakintsuen esperimentu-liburua izeneko liburu honek Asia Citrok ingelesez idatzitako lanean dauka oinarria (The Curious Kid's Science Book da jatorrizko izenburua). Maddi Aranguren Zubimendi eta Ane Goenaga Unamuno Elhuyarreko kideek euskeratu, zuzendu eta egokitu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu