Athletic Clubek museoa zabaldu dau San Mamesen

Bizkaie! 2017-09-01 10:16   Kulturea

Taldearen historiaren parte diran objektuak ikusi leitekez.

Museoaren ikuspegia (argazkiak: Athletic Club) | Ikusi handiago | Argazki originala

San Mames zaharra 2013an bota ebenetik, bere historia batzen dauen museorik ez dau izan Athletic Club futbol taldeak, gaur arte. Zelai barriaren barruan atondu dabe barria, lehenengoa baino zabalagoa eta modernoagoa. Modu horretara, beste museo bat egongo da aurrerantzean Bilbon, kasu honetan kirolzale eta futbolzaleentzat aproposa. 

Irailaren 1etik dago publikoarentzat zabalik Athletic Club Museoa. Inaugurazino ofiziala, baina, bezperan egin eben, Josu Urrutia klubeko presidentea buru. Beragaz batera, erakunde publikoetako agintariak egon ziran, besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui. Lehengo eta gaur egungo jokalariak eta zale batzuk be egon ziran ekitaldian.

San Mames futbol zelaiaren 19. eta 20. ateen artetik sartzen da museora. Harmailak eta zelaia ikusteko aukerea emoten dauen leihoa dago bertan. Ondoren, ikus-entzunezko baten bidez egiten deutsie ondoetorria bisitariei.

Museoak Athleticen historiaren errepasoa egiten dau, klub zurigorria berezi egiten daben elementuetan arretea jarrita; esate baterako, futbol zelaiari eta zaleei eskanitako atal zabala dago. Mende bat baino gehiagoko ibilbidean pilotutako materiala, garaikurrak, jantziak, argazkiak, oroigarriak eta abar be ikusi leitekez. Guztira, 500 bat objektu. Paneletan emoten dan informazinoa euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago.

Behin behineko erakusketak hartzeko eremua be badago. Orain, Joxe Anjel Iribar 1960 eta 1970eko hamarkadetako atezain ospetsuari eskanitakoa dago. Modu birtualean, Iribarri berari penaltia jaurtiteko erea emoten dauen instalazinoa dauka gune horrek. Era berean, ludotekea eta jolasen gunea be ipini ditue.

Museoa egunero egongo da zabalik, astelehenetan izan ezik. Udan iluntzeko 20:00ak arte eta neguan, 19:00ak arte. Sarrerak 10 euroan salduko ditue eta bisita gidatua egin nahi izan ezkero, 14 euroan. Bazkideentzat eta umeentzat merkeagoa izango da.

Museoa aurkezteko bideo laburra plazaratu dau Athleticek, ikusi hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu