Flamenkoak hartuko dau Bilbo irailean

Bizkaie! 2017-08-30 11:50   Musikea

Xarma duen itsasadarra zikloan kontzertuak, tailerrak eta erakusketak egongo dira.

Soledad Ruz Bilbon izango da | Ikusi handiago | Argazki originala

Iraileko lau zapatutan beste horrenbeste kontzertu egongo dira Bilbon, irailaren 9an hasita, izan be, Xarma duen itsasadarra ekimenari esker, flamenkoaren munduko artista entzutetsuak etorriko dira urira. Lehenengoa Salva del Real gitarra jolea izango da, Flamenco A-3 ikuskizunagaz. Arenaleko aterpeetan joko dau, irailaren 9an.

Hurrengo zapatuan, Soledad Ruzen Konpainia Flamenkoaren txandea izango da. Jantza flamenkoaren eta beste batzuen (tartean euskal jantzak) arteko hartu-emonak aztertu eta gero, oinarrira bueltau da Eleiz Museoan eskainiko dauen De raíz ikuskizunean. Hilaren 23an, ostera, Ezequiel Benítez kantariak zuzenean aurkeztuko dau Quimeras del tiempo disko barria, Paco Leónek lagunduta, Bidebarrietako liburutegian.

Amaitzeko, 30ean, Sergio de Lope taldeak A night in Utrera ikuskizuna eskainiko dau, txirula flamenkoan oinarritutako piezea. Bilborocken izango da eta, ganerako kontzertuak legez, 20:00etan hasiko da. Kontzertuen egitaraua, hemen.

Programazino horrez gan, jarduera osogarri ugari eratu ditu Bilboko Udalak Xarma duen itsasadarra zikloaren barruan. Tailerrei jagokenez, gitarra flamenkoaren inguruko bat gidatuko dau Enrique Vacak, gitarra aurreratuarena Salva del Realek eta jantzea be landu ahal izango da, Marta Pampa, Soledad Ruz eta Sandra Cisnerosen eskutik. Flamenkoan horren inportanteak diran txaloak eta erritmoa ikasteko kursoak be egongo dira, baita kantuari lotutako beste bat be. Ikastaro guztiak irailean izango dira.

Bestetik, gaztetxuei zuzendutako saio didaktikoak egongo dira hilaren amaiera aldera, Musiketan Tran Tran izenburupean. Irailaren 27an, ostera, Bilbao Musikako liburutegian Santurtzitik... Sevillara kontzertua antolatu dabe.

Ganera, San Frantzisko, Ibaialde, San Adrian eta Bilbao Musikako liburutegietan flamenkoari buruzko material erakusketea egongo da ikusgai hilaren 6tik 30era. CDak, DVDak, liburuak eta abar batu ditue eta maileguan be hartu ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu