Globalizazinoaren osteko mundua ikusgai Getxophoton

Bizkaie! 2017-08-30 08:41   Kulturea

Gaur hasi eta urriaren 1era arte egongo da martxan Getxoko Nazinoarteko Irudi Jaialdia.

Nobukho Nqaba-ren instalazinoa Getxoko udaletxean (argazkia: Getxophoto) | Ikusi handiago | Argazki originala

Igazko 10. edizino biribilaren ostean, komisario barria dauka Getxophotok aurten; hamaikagarren aldi honetan eta hurrengo beste bi edizinoetan, Monika Allende izango da komisarioa eta Transizinoak izenburuko trilogia dakar tarte horretarako. Aldaketa handiko sasoian gagoz, gaur egungo munduan ia ezer be ez da ziurra Allenderen ustez, eta bere erronkea egoera hori argazkien bidez erakustea izango da.

Horretarako, nazinoarteko goi mailako 23 argazkilariren lana egongo da ikusgai Getxon, Algortako hainbat eremu publikotan (Ereagan, merkaduan...), urriaren 1era arte. World Press Photo saria irabazi daben artistak dagoz tartean; Giulio Di Sturco, Edmund Clark, Nigel Swann, José Pedro Cortés, Daniel Beltrá, Paolo Woods eta beste hainbat ekarri ditue Getxora. Euren argazki eta ikus-entzunezko artelan deigarrien bidez, globalizazinoaren osteko mundu aldakor honetako gorabeherak ikusi eta horreen ganean gogoetea egin ahal izango dau publikoak.

Argazkigintza jaialdia izateari itxi eta Irudi Jaialdia da Getxophoto, oraintsu hartu dauen izen barriaren arabera behinik behin. Izan be, argazkigintzatik harago joan eta bestelako ikusizko arteak be sartu nahi izan ditue egitarauan. Ikus-entzunezko baliabideak eta irudiagaz lotutako esperimentazinoa topauko ditu publikoak; horren erakusgarri da, esaterako, Torrene aretoko erakusketa kolektiboa.

Artista nagusien obrak, ostera, Algortako leku publikoetan egongo dira ikusgai. Argazkien eta herritarren arteko hartu-emonak edo alkarrizketea eragin nahi dabe antolatzaileek. Ganera, Getxon jarduera kulturala eta ekonomikoa bultzatzea be bada helburuetako bat; horretarako, Begi Handi alkarte antolatzaileak Getxoko Udalaren babesa dauka, baita herriko eragile askoren laguntzinoa be.

Erakusketez gan, bestelako jarduera osogarri asko dagoz egitarauan: Abuztuaren 30ean hasi da, modu ofizialean, Getxophoto, baina irailaren 1ean izango da inaugurazino ekitaldia. Horrezaz gan, berbaldiak, tailerrak eta abar atondu ditue, urriaren 1era arteko tartean. Aurreko urteetan publikoak gogo handiz hartu dauen ekimen barritzaile bat barriro egingo dabe, Oheak zinema-emonaldiak hain zuzen, Punta Begoñako galerietan gauez. Irailaren 2an, Monika Allende komisarioak bisitaldi gidatua egingo dau.

Norbere kontura argazkiak ondo ikusi ahal izateko, lau ibilbide diseinau ditue Getxoko kale eta espazio publikoetan; luzeenak erakusketa guztiak hartzen ditu barruan eta besteak laburragoak dira, izan be, Getxophoto kaleagaz lotutako jaialdia da, Jokin Aspuru zuzendari artistikoaren esanetan kalean gora eta behera ibili behar da erakusketak topetako.

Jardueren zerrendea, hemen.

Erakusketak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu