Santurzine film laburren jaialdia egingo dabe datorren hilean

Bizkaie! 2017-08-29 10:13   Zinemea

Serantes saria emongo deutsie Anabel Alonso aktoreari.

Anabel Alonsori emongo deutsie Serantes saria | Ikusi handiago | Argazki originala

Irailaren 15etik urriaren 7ra egingo dabe Santurzine jaialdiaren bosgarren edizinoa eta, ohiko moduan, hainbat atal eta jarduera eroango ditu Santurtzira. Sail ugaritan banatu ditue pelikulak: Nagusia, Ibiltariak, Euskal Pantailak eta Santurtzi. Amnesty International erakundeagaz sinatutako akordioari esker egin ahal izango da, aurten lehenengoz, Ibiltariak atala, eta Giza Eskubideakaz lotutako filmak izango dira ardatza. Euskal Pantailak be nobedadea da egitarauan.

Hezkuntza munduagaz bat eginaz, Santurzine XS egitasmoa martxan ipiniko dabe. Herriko ikastetxeetako neska-mutilek parte hartuko dabe tailerrean eta helburua film labur batzuk sortzea izango da. Bestetik, euskal zinemagintzea bultzatzeko asmoz, film laburren lehiaketea be antolatuko dau Santurzinek. Egitaraua biribiltzeko, erakusleihoen lehiaketea egongo da.

Proiekzinoetan ikusleen eta zinemagileen arteko hartu-emona bultzatuko dabe antolatzaileek. Areto txikietan eta tabernetan emongo ditue pelikulak eta, amaitzean, ikusleek eta egileek alkarregaz berba egin ahal izango dabe.

Era berean, 2014ko edizinotik Serantes saria emoten dau Santurzinek urtero. Aurten Anabel Alonso aktorea saritzea erabagi dabe, urteotan egin dauen ibilbide oparoagaitik. Santurtzigaz lotura estua daukan aktorea da, ganera. Aurreko edizinoetan, Felix Linaresek, Juanma Bajo Ulloak eta Moriarti etxeak jaso dabe Serantes saria.

Urriaren 7an amaiera galea egingo dabe SKA aretoan. Sail guztietako sariak banatuko ditue eta Anabel Alonsori Serantes saria emongo deutsie ekitaldi horretan. Santurzineren helburua herriko kultureari, gizarteari eta ekonomiari bultzadea emotea da, ahalik eta eragile gehienentzako onurea topau nahian. Horretarako, ohiko taberna guneetan (Itsasalden, Juan XXIII.ean eta abar) proiekzinoak antolatzen ditue. Ganera, film laburrak Santurtziko kaleetan errodau daitezan lan egiten dabe antolatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu